Gizartea -
BASO-SUTEAK
Suak 35 hektarea kiskali ditu Hernio eta Izazpi mendietan
Hego-haizeak zaildu egin ditu itzaltzeko lanak, baina suhiltzaileek garrak itzali dituzte azkenean. Biak ala biak ikerketapean daude, ez baita baztertzen nahita piztutakoak izatea.
EITB Media
Gipuzkoan azken orduetan piztutako baso-suteak —Hernio mendiaren magalean (Errezil), bata, eta Izazpin (Ezkio-Itsaso), bestea— itzali dituzte suhiltzaileek. Guztira, 35 hektarea kiskali dira.
Hego-haize zakarrak zaildu egin ditu itzaltzeko lanak, baina lurraldeko parkeetatik joandako suhiltzaileek mendean hartu dute azkenean. Bi kasuetan, ikerketa abiatu dute, ez baita baztertzen nahita piztutakoak izatea.
Lehen sutea ostegun arratsaldean hasi zen Hernion, 19:00ak aldera. Gaua lanean eman ostean, 01:30erako kontrolpean hartu dute suhiltzaileek, eta goizeko lehen ordurako itzali dute. Gipuzkoako lau parketako suhiltzaileak aritu dira bertan lanean, basozain eta erretenekin batera. Egunean zehar, zaintza-lanak egiten jarraitu dute berriro piztuz gero lehenbailehen itzaltzeko.
Sugarrek ez dute inguruko baserri edo etxebizitzarik harrapatu, eta ez da inor zauritu. Suak 20 hektarea kiskali ditu.
Koldo Arzalluz Errezilgo alkateak Euskadi Irratian azaldu duenez, eguna argitzerako guztiz itzalita zegoen. Atzo bi foku piztu ziren, 200 metroko tartean, eta sua nahita piztutakoa izan daitekeela iradoki du: "Foku batetik bigarren fokura 200 metro pasatxo daude, eta hori batetik bestera haizeak ez du eraman".
Sutearen fokuetako bat Hernioko tontorretik gertu hasi da, eta bestea, Zelatunen.
Hala ere, garrak ez dira basoraino sartu, eta batik bat otea erre da; guztira, 20 hektarea inguru.
Baso-sutea Izazpi mendian
Ez da azken orduotan Gipuzkoan izandako sute bakarra izan, ostiral goizaldean beste sute bat piztu baita Izazpi mendian, Ezkio-Itsason.
01:20 aldera jaso dute abisua larrialdietarako zerbitzuek, eta berehala bertaratu dira suhiltzaileak. 04:30erako hartu dute kontrolpean, baina hego-haizeak asko zaildu ditu sua itzaltzeko lanak. Goizean lortu dute erabat itzaltzea.
Guztira, Gipuzkoako hiru parketako suhiltzaileak aritu dira bertan lanean, eta erreten bat ere bertaratu da. Lehen kalkuluen arabera, 15 hektarea erre dira.
Eguraldia lagun, helikoptero bat erabiliko dute ingurua hozteko lanetan.
Joseba Telleria Ezkio-Itsasoko alkateak goizean Euskadi Irratian esan duenez, itxuraz sutea pizteko arrazoirik ez zegoen.