Gizartea -
Euskaraldia
Euskaraldia, entitateetan euskararen erabilera areagotzeko "tresna ezinhobea"
Euskaraldian parte hartu nahi duten entitateek izena eman dezakete dagoeneko. Hizkuntza ohiturak euskarara ekartzeko ariketa sozialaren 4. ekitaldian "oinarrizko egitekoak" izango dituzte entitate guztiek, baina, baita bestelako pausoak emateko aukera ere, hala erabakitzen dutenek.
Agentziak | EITB
Entitateetan euskararen erabilera areagotzeko "tresna ezinhobea" da Euskaraldia, hala baieztatu dute ostegun honetan Donostiako San Telmo museoan bildu diren Euskaraldiko arduradunak eta Irsearaba, Osasuna eta Luma Baiona entitateetako ordezkariak.
Ariketaren nondik norakoak aurkeztu dituzte eta iragarri dute zabalik dagoela jada entitateek Euskaraldian parte hartzeko izena emateko epea.
Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailearen hitzetan, "jakitun gara oso garrantzitsua dela Euskaraldiak entitateetan duen eraginaz. Eta ez entitateetan bakarrik, bertako kide askorentzat ere entitatea delako euskaraz hitz egiteko duten eremu bakarra".
Entitateak aipatzen direnean askotariko eremuetakoak barne biltzen dira, besteak beste, lantokiak, dendak, tabernak, bestelako komertzioak edota kirol edo kultur elkarteak.
Eremuotako ordezkariek aukera izango dute nolako ariketa egin nahi duten erabakitzeko. Izan ere, aurten, "oinarrizko egitekoak" aurrera eramateaz gain, euskararen erabileran bestelako urratsak emateko aukera ere izango dute entitateek.
Oinarrizko egitekoak izango dira entitateko kideak Euskaraldian inguruan informatzea, ariketa egiteko prestatzea eta ariketa bera ikusgarri egitea. "Oinarrizko egiteko horiek izango dituzte izena ematen duten entitate guztiek", gaineratu du Goiatz Urkijok.
Gainera, lanketa sakonagoa egiteko aukera ere emango zaie izena ematen duten entitate guztiei, eta bestelako urratsak ematea hautatzen dutenei "euskararen erabilera sustatzeko aurrerapausoak ematea" proposatuko diete, "hala nola, ariguneak sortzea, bilerak euskaraz egiteko neurriak hartzea edo mintzatratuak adostea".
Euskaraldian izena eman duten hiru erakundetako ordezkariak izan dira agerraldian. Irsearaba gizarte-ekimeneko kooperatiba bat da, esku-hartze sozialaren esparruan lan egiten duena. 2023an euskara lantaldeak bultzatuta, plangintza orokor baten aldeko apustua egin zuten, euskararen erabilera bultzatzeko.
Adibide gisa, Idoia Martinez de Lahidalga eta Sergio Jimenez Irsearabako ordezkariek "Euskaraldian hartutako jarrera epe luzera mantentzearen, lotsak alde batera uztearen eta euskara aktibatzearen" aldeko apustua egin dute. Euren kasuan, 'Egunon' eta 'Mintzatratu' ekimenak ezarri dituzte elkarteko hiru zerbitzutan, eta ariketa erakunde osora zabaltzeko asmoa azaldu dute Euskaraldiak irauten duen egunetan.
Bada, Euskaraldian entitate moduan izena emateko epea irekita dago, nahi duena batu dadin ariketara. Euskaraldiko webgunean dago informazio gehiago eta izena emateko aukera: Belarriprest eta ahobiziek izena emateko txanda, berriz, martxoaren 15etik aurrera izango da, www.euskaraldia.eus webgunean sartuta. Euskaraldia ariketa masiboa maiatzaren 15etik 25era egingo dute Euskal Herri osoko milaka lagunek.