Gizartea -
Pantailak eta sare sozialak
Otsaila, digitalki deskonektatzeko hilabetea
Teknologiak gure bizitzak aldatu dituen arren, gure osasun mentala eta ongizatea ere kolokan jarri ditu, eta desintoxikazio digitala funtsezko bihurtu da. "Phone Free February" kanpainak mugikorraren erabilera murrizteko eta telefono adimendunekiko harremanak hobetzeko erronka abiatu du aurten.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Hego Euskal Herriko gazteen erdiek baino gehiagok digitalki deskonektatzeko beharra sentitzen dute gaur-gauzkoz, ia % 60k EAEn eta % 50ek Nafarroan. Hala jakinarazi du SPC elektronikako konpainiak Espainiako gazteen deskonexio digitalerako ohiturei buruz egindako lehen azterlanak.
Deskonexio digitala goranzko joeran doa. Telefono adimendunekin harreman hobeak izaten ikasteko, Global Solidarity Foundation GKEak "Phone Free February" egitasmoa jarri du abian. Erronka mugatua da denboran (otsailean), eta mugikorraren erabilera murriztu nahi dutenei zuzenduta dago.
Aro digitalean, gure arreta bilatzen duten gailu eta aplikazioz inguratuta gaude etengabe, teknologiak gure bizitzak eraldatu ditu, baita gure osasun mentala eta ongizatea kolokan jarri ere. Testuinguru horretan, detox edo desintoxikazio digital bat egitea funtsezkoa dugu gaur egun.
Gazteen deskonexio digitalari buruzko txostenaren arabera, Hego Euskal Herriko gazteen erdiek baino gehiagok pentsatu dute beren sare sozialetako profilak ezabatzea, eta Nafarroan gazteen % 30ek dagoeneko baztertu dituzte sare sozialak aldi baterako. Halaber, txostenak ondorioztatu duenez, gazteen ia % 80k mugikorra gutxiago erabili nahiko lukete egunerokoan.
Datuok agerian uzten dute gero eta gehiago direla pantailekin eta sare sozialekin dauden arazoaz jabetzen direnak. Hala, askok erabaki dute gailu teknologikorik ez erabiltzea bizimodu orekatuagoa eta osasungarriagoa izateko eta errealitatearekin berriro konektatzeko.
18 eta 35 urte bitarteko 1.000 pertsonarekin egindako txostenaren arabera, nerabeek, oro har, egunean 5-6 orduz erabiltzen dute mugikorra, eta, beraz, egunero, ordu horiek kentzen dizkiote kalean ibiltzeari, harremanak zuzenean lantzeari eta, orobat, benetako bizitza bizitzeari. Mundu hiperkonektatuan bizi gara, sare sozialen presentzia etengabea da eta gailu horien mendekotasuna geroz eta handiagoa da; izan ere, horretarako sortu dira produktu horiek, adikzioa sortzeko, osasun digitalarekin kezkatuta dauden aditu askoren iritziz.
Dumbphone edo adimendunak ez diren telefonoetara itzultzeko mugimendu bat ere badago, deien eta mezuen bidez konektatuta egotea ahalbidetzen dutenak, Internetera sarbiderik ez dutenak. Euskal Autonomia Erkidegoan, esaterako, galdeketan parte hartu duten gazteen % 9,8k aldaketa hori egingo lukete, eta Nafarroan % 20k baloratuko lukete aukera hori.
Telmo Lazkano osasun digitaleko adituaren esanetan, oso aberasgarria da deskonexio digitala egitea, eta hori egin dutenak askeago, libreago sentitzen dira harrezkero. Gakoa, ordea, deskonexioa egunero egitea dela dio Altxa Burua mugimenduaren sortzaile ere badenak.