Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakume batek salatu du alaba kaleratu dutela Zallako taberna batetik, bezero batek sexu erasoa egin ostean
Biktimak salaketa aurkeztu zuen ustezko erasotzailearen kontra eta epaileak urruntze agindua ezarri. Amaren arabera, tabernako arduraduna biktima "isilarazten" saiatu zen, eta biharamunean kaleratu egin zuen. Hori salatzeko bilkura deitu dute ostalaritza establezimenduaren aurrean.
eITB Media
Zallako (Bizkaia) emakume batek jakinarazi du 18 urteko alaba kaleratu dutela taberna bateko bezero batek egindako sexu erasoa salatu eta biharamunean. Hori dela eta, elkarretaratzea deitu du gaurko (12:45) ostalaritza establezimenduaren aurrean.
Emakumeak sare sozialetan zabaldutako bideo batean dioenez, alabak Zallako jubilatuen etxeko tabernan egiten zuen lan zerbitzari gisa. Asteburuan tabernako bezero bat, 48 urte inguruko gizasemea, salatu zuen "modu jarraituan" sexu erasoa egitea egotzita. Dioenez, hainbat aldiz "ukituak, erasoak eta mehatxuak" egin zizkion gizonak. Amaren testigantzaren arabera, justiziak sinesgarritasuna eman dio salaketari, gertaerak larritzat jo eta urruntze agindua ezarri dio ustezko erasotzaileari.
Hain justu, Ertzaintzak eitb.eus-i baieztatu dionez, gazteak salaketa aurkeztu zuen astelehenean, hilaren 17an. Agenteek ustezko erasotzailea identifikatu eta haren kontrako eginbideak abiatu zituzten ikertu gisa. Ondoren, epaiketa azkar batean, epaileak aske utzi zuen gizona, kautelazko neurriak ezarrita.
Amaren kontakizunaren arabera, alabak tabernako kudeatzaileari gertatukoa azaldu eta urruntze aginduaren berri eman zionean, "harrigarriena" jazo zen. Izan ere, biharamunean kaleratu zuten gaztea. Emakumeak dio aurretik biktima "isilarazten" saiatu zela tabernaria, eta "testigantza zalantzan jarri" zuela.
Amak nabarmendu duenez, alaba "ez dago bakarrik" eta iragarri du Enkarterriko talde feministak mugiaraziko dituela taberna kudeatzen duen emakumearen "jarrera iraingarria" salatzeko.
Gainera, iragarri du tabernaren arduraduna salatuko duela Lan Ikuskaritzan, alabak egiten zituen lanorduak baino gutxiago aseguratzeagatik eta lanbidearteko soldata baino gutxiago ordaintzeagatik.