Gizartea -
Bonbardaketaren 88. Urteurrena
Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak jasoko du Bakearen Gernika Saria
Era berean, Argentinako Auzitegi Antropologiako Taldea (EAAF) sarituko dute. Sariak apirilaren 26an banatuko dira, bonbardaketaren 88. urteurreneko ekitaldietan.
Agentziak | EITB Media
Bakearen eta Adiskidetzearen aldeko Gernika Sariak Antonio Manuel de Oliveira Guterres Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusiari eta Argentinako Auzitegi Antropologiako Taldeari (EAAF) emango zaizkie aurten.
Sariak datorren apirilaren 26an banatuko dira, Bizkaiko herri horren bonbardaketaren 88. urteurreneko ekitaldietan.
Besteak beste, Gernikako Udalak eta Alemaniako Pforzheim hiriak osatzen duten epaimahaiko ordezkariek nabarmendu dute bi sarituek giza eskubideen eta justizia sozialaren defentsan egindako lana.
2017an NBEren idazkaritza nagusia hartu aurretik, Antonio Manuel de Oliveira Guterres Portugalgo lehen ministroa izan zen, Internazional Sozialistaren presidentea eta Errefuxiatuentzako Nazio Batuen goi ordezkaria; azken horretan krisi humanitarioei aurre egin behar izan zien, hala nola Siriako exodoari.
Bestalde, Argentinako Auzitegi Antropologiako Taldea 1984an sortu zen, Argentinako diktaduraren (1976-1983) desagertze behartuak argitzeko helburuarekin.
Bere metodologia, antropologia forentsean oinarritua, funtsezkoa izan da 50 herrialdetan baino gehiagotan giza eskubideen urraketen biktimak identifikatzeko, Bosnia, Angola, Ekialdeko Timor eta Kosovoko gatazkak barne, Gernikako Udalak azaldu duenez.
Sarien aurreko edizioetan, Pepe Mujica Uruguaiko presidente ohia, Bakearen aldeko Borrokalariak taldea eta Egiaren Batzordeak saritu dituzte, besteak beste.