Gizartea -
Gipuzkoa
Zumaiak, Getariak eta Azpeitiak Udaltzaingo lan eskaintza publiko bateratua egingo dute
Hautaketa prozesuan bereziki baloratuko dira herria ezagutzea eta euskara. "Esperientziak erakutsi du Arkautiko prozesuen bidez aukeratutako udaltzainek, askotan, berehala uko egiten diotela lanpostuari beste herri edo hiriburuetara joateko", gogorarazi dute alkateek.
EITB Media
Zumaia, Getaria eta Azpeitiko (Gipuzkoa) udalek udaltzaingoen lan eskaintza publiko bateratua jarriko dute martxan, "herritarren beharretara egokitutako gertuko Udaltzaingo eredua indartzeko". Bizkaian orain urte eta erdi horixe bera egin zuten beste hiru udalerrik ere: Ondarroak, Lekeitiok eta Markina-Xemeinek.
Prozesu hau abian jartzea justifikatzen duen arrazoietako bat udalerri horietako udaltzaingoen plantilletan "egonkortasuna bilatzea" da.
"Esperientziak erakutsi du Arkautiko prozesuen bidez aukeratutako udaltzainek, askotan, berehala uko egiten diotela lanpostuari beste herri edo hiriburuetara joateko. Hori saihesteko, prozesu honek herri horietan lan egin nahi duten udaltzainak bilatzen ditu", azpimarratu dute.
Horrela, "herriarekiko hurbiltasuna eta inplikazioa" izango dira lanpostu horien "funtsezko" ezaugarriak. Hautaketa prozesuan bereziki baloratuko dira herria ezagutzea eta euskara (B2).
Guztira, bost udaltzain lanpostu eskainiko dira: hiru Zumaian eta bana Getarian eta Azpeitian. Edonola ere, aurreikusita dago prozesuan zehar kontratatu beharreko udaltzainen kopurua areagotzea.
Zumaiako, Getariako eta Azpeitiko alkateek, Iñaki Ostolazak, Haritz Alberdik eta Nagore Alkortak, hurrenez hurren, prentsaurrekoa egin dute lan eskaintza publikoaren xehetasunak emateko.
Azaldu dutenez, udalerri bakoitzak "bere nortasuna eta kultura du", eta Udaltzaingoak "herritarrekiko hurbiltasuna eta elkarrizketa sustatzeko gai izan behar du".
Euskara
"Euskaraz komunikatzeko gaitasuna funtsezkoa da, baita herriaren ezaugarriak eta kultura ezagutzea ere, herritarren eguneroko bizitzan parte hartzeko eta gatazkak kudeatzeko tresna gisa", adierazi du Alberdik.
Ostolazak, bere aldetik, azaldu du udaltzaingoaren eredu "hurbil" baterantz "urratsak ematen" jarraitu nahi dutela, segurtasun eredu "zentralizatu eta zigortzaile" batetik aldenduz.
Azpeitiko alkateak, era berean, gogora ekarri du 2000. urtean "beste udaltzaingo eredu baterantz pausoak ematen hasi zirela, bitartekaritza eta euskararen eta jazarpen sexistaren esparruetan prestakuntzak ematea bultzatuz".
"Uste dugu herria ezagutzen ez duen norbait etorriz gero, herritarrekin izango duen harremana mantentzea zailagoa dela", gaineratu du Azpeitiako alkateak.
Zumaiako Udalak kudeatuko du udaltzaingoen lan eskaintza publiko bateratua. Getariako eta Azpeitiko udalek Zumaiakoaren esku utzi dute prozesuaren gaineko eskumena, udalbatzetan onartu ondoren. Aurreikusten da deialdia martxoan zehar martxan jartzea.
Arkautin trebatuko dira
Polizia Legeak udaltzainak instrukzioa Arkautin egitera behartzen ditu. Beraz, Zumaia, Getaria eta Azpeitirako bost udaltzain berriak ere akademian trebatuko dira. Polizia Legea EAJk eta PSE-EEk bultzatu eta PPren babesarekin onartu zuten.
Udalek eskumena dute udal langileak kontratatzeko, udaltzainak barne, baina aldi berean Polizia Legeak udaltzainen formakuntza eta armen erabilera Arkautik gidatzea agintzen du. Udaltzainen hautaketa prozesu gehienak bertan egiten dira egun. Hala ere, polizia eredu komunitario honetan ez dute armen beharrik ikusten.