Gizartea -

IKERKETA

ZIUn amaitu zuen emakume baten atxiloketa ikertzen ari da Ertzaintza

Segurtasun Sailak EITBri baieztatu dionez, Sailak "badaki zer gertatu zen", eta "barne-ikerketa bat egiten ari da, hasiera-hasieratik".

Donostiako dantzaleku baten kanpoaldean egin zuen atxiloketa Ertzaintzak. EITB
Donostiako dantzaleku baten kanpoaldean egin zuen atxiloketa Ertzaintzak. EITB

Donostiako dantzaleku baten kanpoaldean egin zuen atxiloketa Ertzaintzak. EITB

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak barne-ikerketa bat abiarazi du 32 urteko kolonbiar emakume batek salatutako gorputz horretako agenteen jokabideari buruz. Emakume hori, Donostian atxilotu ondoren, Donostia Ospitaleko ZIUn sartu zuten, garuneko edema batekin eta paralisi partzial batekin.

Segurtasun Sailak EITBri baieztatu dioenez, sailak "badaki zer gertatu zen", eta "barne-ikerketa bat egiten ari da, hasiera-hasieratik". Kasua Ertzaintzaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeari helarazi diote.

Gertaera horren berri eman du Kolonbiako Cali hiriko El Pais egunkariak. Senitartekoen lekukotasunen bidez eta Donostiako Udaltzaingoan aurkeztutako salaketaren kopia batekin, otsailaren 1ean hiriko erdiguneko diskoteka baten irteeran gertatutakoa kontatzen du.

Egunkariak dioenez, bi gizonen arteko eztabaida batekin hasi zen. Horietako bat emakumearen mutil-laguna zen, eta bertaratu ziren ertzainak bertatik eramaten saiatu ziren. Horregatik, emakumeak esku hartu zuen, ez zela ezer egin eta atxilotu ez zezatela eskatzeko.

Neska garrasika ari zen bitartean, polizia bat jiratu eta bultzatu egin zuen. Emakumea lurrera erori zen. "Buruan kolpea hartu zuen, konorterik gabe geratu zen eta, hala ere, haren gainera igo ziren eta kolpeka jarraitu zuten, bidali zizkiguten argazki eta bideo batzuetan ikus daitekeen bezala", azaldu dio Marling Palacio emakumearen izebak egunkariari. Karen Daniela Agredo Palacio du izena emakumeak.

Neska polizia-etxeko ziegetara eraman zuten, eta han "kolpeak eman zizkioten, makurrarazi egin zuten, eta konortea galdu zuen, dokumentu ofizialen arabera".

Karen Danielaren ama Deisy Palacioren esanetan, erasoa gertatu zenetik ospitalera eraman zuten arte (Zainketa Intentsiboetako Unitatean sartu zuten) zortzi ordu igaro ziren.

Otsailaren 6an mutil-lagunari eman zioten osasun-partearen arabera, emakumeak "garuneko edema bat eta kimata-barneko hematoma bat" izan zituen, eta hau izan zen diagnostikoa: Garuneko odoljarioa. Eskumako gongoil basalak. Moya-Moyaren gaixotasuna".

Egunkariaren arabera, 5 eta 12 urteko bi haur Kolonbian utzi dituen gazteak alta jaso du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak