Gizartea -
Ustezko sexu-erasoa
Donostiako Emeki Emeki ikastetxeko bi irakasle atxilotuak, kautelazko neurriekin aske
Bi emakumeak aske geratuko dira, baina urruntze agindua bete beharko dute. Horrela, ezin izango dira 4 urteko neskatxarengana hurbildu, haren gurasoek sexu-erasoa egin diotela salatzen baitute, ezta haren anaia bikiarengana ere, Emeki Emeki zentroko ikaslea bera.
EITB MEDIA
Donostian, Aieteko Villa Landetxe udal-titulartasuneko eraikinean dagoen hezkuntza libreko zentro batean, 4 urteko adin txikiko bati ustez sexu-erasoa egitea egotzita atxilotu dituzten bi emakumeak kautelazko neurriekin aske utziko ditu epaileak, Radio Euskadik jakitera eman duenez.
Atxilotutako bi irakasleen gertuko iturriek jakitera eman dutenez, biak aske geratuko dira, baina urruntze agindua bete beharko dute. Horrela, ezin izango dira 4 urteko neskatxarengana hurbildu, haren gurasoek sexu-erasoa egin diotela salatzen baitute, ezta haren anaia bikiarengana ere, Emeki Emeki zentroko ikaslea bera.
Atzo atxilotutako bi irakasleak 10:30ean joan dira Donostiako epaitegira deklaratzera. Bi emakumeek etxean igaro dute gaua, eta euren kabuz joan dira epaitegira deklaratzera.
Emeki Emeki proiektuaren parte diren familiek ohar bat sinatu dute, zentroko irakasleei eta arduradunei babesa adierazteko, "orain arte frogatu ez diren salaketen jomuga izan baitira".
Kasua sekretupean dago, ikerketako iturriek jakitera eman dutenez. Irakasleetako bat praktiketan dago, eta besteak lau urte daramatza ikastetxean, familia batek ETBri azaldu dionez.
Egun sei adingabe joaten dira zentrora, eta ETBrekin hitz egiteko aukera izan duten familiak harrituta agertu dira gertatutakoarekin. Familiak zur eta lur daude, kezkatuta eta haserre, ez dituztelako sinesten leporatzen zaizkien delituak. Ziurtatzen dute zentroko ateak irekita izaten dituztela, eta edozein unetan sar daitezke bertara.
Noticias de Gipuzkoa egunkariak jakinarazi duenez, atxiloketak astelehen goizean egin zituzten, Donostian eta Hondarribian, bertan bizi baitira erasoan parte hartu omen zuten emakumeak.
Polizia-operazioa Ertzaintzari salaketa jarri ondoren egin dute, irakasleek Gipuzkoako hiriburuan dagoen ikastetxe batean adin txikiko bati sexu-erasoa egin omen batiote. 3 eta 6 urte bitarteko haurrak ibiltzen dira ikastetxean, eta irakaskuntza publikoaren eta itunpekoaren eredu pedagogiko alternatibo bat jarraitzen du.
Ertzaintzak ikastetxeko espazioa itxi zuen kasuaren frogak hartzeko. Bi atxilotuak Ertzaintzak egindako miaketan egon ziren, eta, ondoren, aske geratu ziren, iturri berdinen arabera. Gaur 10:30etik aurrera epailearen aurrean deklaratu dute.
Eneko Goia alkateak baieztatu duenez, zentroa "udal-titulartasuneko eraikin batean dago eta Catalina de Erauso Kultur Elkarteari lagata dago".
Donostiako Udalak elkarteak egin dituen jarduerei "erreparatuko" diela esan du Goiak.
Halaber, alkateak esan duenez, Udalak ez du "xehetasun askorik" kasuaren gainean, izan ere, azaldu duenez, badakite "epaileak sekretupean jarri duela sumarioa", besterik ez.
Horren harira, Eneko Goiak esan du "horrelako albisteak irakurritakoan, lehenik eta behin, kezka handia" izaten dutela, "horrelako egoerak gertatzen direlako". Horren aurrean, "zuhurtziaz" jokatzeko deia egin du, baina "kezka" sortzen duela adierazi du.
Ikastetxe alternatiboa da, hezkuntza publiko eta itunpekotik kanpokoa, eta jolasaren bidez plazeretik eta jakin-min intelektualetik ikastea du oinarri, bere webgunean azaltzen dutenez.