Gizartea -
Ustezko sexu-erasoa
Familien hitzetan, irakasle atxilotuak "orain arte frogatu ez diren salaketen jomuga izan dira"
Emeki Emeki proiektuaren parte diren familiek ohar bat sinatu dute, eta justiziak “zehaztasunez eta objektibotasunez” jardungo duela sinesten dute, egoera argitzeko. Gainera, komunikabideei “erantzukizuna eta zuhurtzia” eskatu diete informazioa tratatzeko orduan.
EITB Media
Emeki Emeki proiektuaren parte diren familiek ohar bat sinatu dute, zentroko irakasleei eta arduradunei babesa adierazteko, "orain arte frogatu ez diren salaketen jomuga izan baitira". Bi emakume atxilotu dituzte Donostian, Aieteko Villa Landetxe udal-titulartasuneko eraikinean dagoen hezkuntza libreko zentroan 4 urteko adin txikiko bati ustez sexu-erasoa egitea egotzita.
"Haurtzaroarekiko errespetuan, askatasunean eta laguntza arduratsuan oinarritutako hezkuntza" proiektua dela azpimarratu dute agirian. Guztira, hamar pertsonak sinatu dute oharra.
"Proiektu hau, hasieratik, adingabeen garapen integrala sustatzen duen espazioa izan da, haien erritmoak, interesak eta autonomia errespetatuz", ziurtatu dute. "Irakasleek eta bidelagunek une oro erakutsi dute dedikazio eta profesionaltasun handia, eta gure seme-alaben hazkuntza eta ongizaterako funtsezkoak izan dirak", erantsi dutenez.
Nabarmendu dutenez, "familia gisa, zuzenean ikusi dugu hezkuntza-ikuspegi honek gure seme-alabei ingurune seguru, goxo eta aberasgarria ematen diela hazteko". "Ikusi dugu askatasun arduratsua, sormena eta lankidetza sustatzen direla, eta horiexek dira Emeki Emekiren oinarrizko balioak", gaineratu dute.
Horregatik, "erabat" baztertu dute proiektu honetan zain eta muin jardun duten pertsonen "integritatea zalantzan jartzen duen edozein iradokizun". "Gure familientzat profesionaltasunaren eta konpromisoaren erreferente izan dira", berretsi dute.
Gainera, "errespetuz tratatuak" izan daitezen eskatu dute, gertakariak argitu arte. Zentzu horretan, sinestuta daude justiziak "zehaztasunez eta objektibotasunez" jardungo duela, egoera argitzeko.
Erantzukizuna eta zuhurtzia
Era berean, "erantzukizuna eta zuhurtzia" eskatu dute informazio hau tratatzeko, zeren eta "sentsazionalismoak eta frogarik gabeko akusazioak zabaltzeak ez baitute soilik kalte egiten irakasleen eta zentroaren ospeari, baizik eta baita familiei eta inplikatutako adingabeen pribatutasunari eta duintasunari ere". Horrela, errugabetasun-presuntziorako eskubidea errespetatzeko eskatu dute familiek, eta "komunikabideek ez dezaten mesfidantza eta alarma sozialeko giroa sortu".
Azkenik, ziurtatu dute agintariekin lankidetzan jarraituko dutela egia argitu dadin; "ziur gaude egia nagusituko dela eta, horren ondorioz, beren bizitza profesionaltasunez, maitasunez eta errespetuz hezkuntzari eman dioten profesionalen ospe ona berrezarriko dela".