Gizartea -

Urteurrena

Oiz mendiko hegazkin istripuak 40 urte, belaunaldi oso bat markatu zuen ezbeharra

1985eko inauterietan Euskadiren historiako hegazkin istripu larriena gertatu zen. 148 pertsona hil ziren.

Oiz mendiko istripuak 40 urte
Oiz mendiko istripuak 40 urte

40 urte bete dira Oiz mendiko hegazkin istriputik

0:38

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, otsailak 19, 40 urte dira hegazkin batek Oiz mendian talka egin zuenetik. Euskadin inoiz izandako aire istripu larriena da: 148 pertsona hil ziren, eta ezbeharrak belaunaldi oso bat traumatizatu zuen.

Inauteriak ziren 1985eko astearte hartan, Iberia konpainiaren Boeing 727 bat, "El Alhambra de Granada" izenekoa, Madrildik Bilboko aireportura abiatu zenean. Bizkaiko terminalaren kontrol dorrearen eta hegazkinaren arteko azken komunikazioa, baina, 08:22an eten zen, eta handik minutu gutxira aparailuaren ezker hegalak talka egin zuen ETBren antena baten aurka, Oiz mendian, 1.000 metroko altueran.

__________________________________________________________

Ikusi Lainoa Oiz gainean dokumentala Primeran plataforman

__________________________________________________________

"Ondoren, hegazkinak hainbat aldiz egin zuen talka mendiarekin, eta guztiz suntsitu zen", istripua ikertu zuen Abiazio Zibilaren lantaldeak ondorioztatu zuenez.

Ikerketa horren arabera, tripulazioaren akats batek eragin zuen istripua, altimetroa gaizki interpretatu zutelako eta behar baino baxuago hegan egiten ari zirelako. Gainera, goiz hura lainotsua izan zen, eta Oiz mendiko antena ez zen agertzen karta aeronautikoan.

Honela gertatu zen Oiz mendiko hegazkin istripua, minutuz minutu
Honela gertatu zen Oiz mendiko hegazkin istripua, minutuz minutu

Honela gertatu zen Oiz mendiko hegazkin istripua, minutuz minutu

0:42

Hain zuzen ere, 141 bidaiari eta 7 tripulatzaile hil ziren ezbehar hartan, hots, hegazkinean zihoazen guztiak. Talka oso bortitza izan zen, eta ikertzaileek ezinezkotzat jo zuten handik onik ateratzea. Horren erakusle, gorpu bakarra zegoela osorik: hegazkinaren bodegan zeramaten zerraldo baten barruan zihoan hilotza.

Luis Maria Retolaza zen garai hartako Barne sailburua, eta Ramon Jauregui Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkaria, eta koordinazio mahai bat inprobisatu behar izan zuten Guardia Zibilarekin, sortu berri zegoen Ertzaintzarekin, suhiltzaileekin, Gurutze Gorriarekin eta DYArekin.

Hauek dira Oiz mendian talka egin zuen hegazkinaren kutxa beltzean erregistratutako azken hitzak
Hauek dira Oiz mendian talka egin zuen hegazkinaren kutxa beltzean erregistratutako azken hitzak

Hauek dira Oiz mendian talka egin zuen hegazkinaren kutxa beltzean erregistratutako azken hitzak

0:22

"Harategian sartzea bezala"

Iñaki Rementeria ETBko langilea zen 1985ean, eta egun hartan, Oiz mendira joan behar izan zen: "Erredakziotik deitu ziguten, esanez arazoren bat zegoela antenan eta transmititzeari utzi ziola".

Istripua izan zen lekura bertaratu zenean, infernuarekin egin zuen topo: "harategian sartzea bezala izan zen, gorpuak nonahi zeuden: buruak, eskuak, besoak...".

ETBko langileek Oizko tragedia gogoratu dute: ''Dena deseginda zegoen, zaborra izango balitz bezala''
ETBko langileek Oizko tragedia gogoratu dute: ''Dena deseginda zegoen, zaborra izango balitz bezala''

ETBko langileek Oizko tragedia gogoratu dute: ''Dena deseginda zegoen, zaborra izango balitz bezala''

3:54

Tragediaren irudi horiek belaunaldi oso bat traumatizatu zuten. Izan ere, zenbait hedabidek gorpuen argazki esplizituak publikatu zituzten, inolako traba etikorik gabe.

1985ean garestia zen hegazkinez bidaiatzea, eta enpresaburuen eta dirudunen artean baino ez zen ohikoa. Horregatik, 610 hegaldi horretan, pertsona ezagun batzuek utzi zuten bizia: Gregorio Lopez Bravo, Francoren ministro izandakoa; Gonzalo Guzman Boliviako Lan ministroa eta Isidoro Delclaux enpresaburua. Eta azken unean, hegazkin hori ez hartzea erabaki zuten Francisco Fernandez Ordoñez Espainiako Atzerri Bankuaren presidenteak eta Marcos Vizcaya EAJren diputatuak.

Istripuak Bizkaia hunkitu eta 40 urtera, biktimen senideek haien memoria aldarrikatzen jarraitzen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Hegazkin istripuak Eguneko albisteak Albisteak