Gizartea -

BIZKAIA

Espetxera bidali dute Basaurin gizon bat hil zen sutea eragiteagatik atxilotutako gizona

Basauriko Udalak jakinarazi du atxilotutako gazteak aurretik antzeko gertakariekin lotura izan duenean, Udalak beti bere eskura izan duen informazioa dagokion epaitegiaren esku utzi izan duela.

Urtarrilaren 31n Basaurin izandako sutea. Artxiboko irudia: EITB Media
Urtarrilaren 31n Basaurin izandako sutea

Urtarrilaren 31n Basaurin izandako sutea. Artxiboko irudia: EITB Media

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak pertsona bat atxilotu du, pasa den urtarrilaren 31n Basauriko etxebizitza eraikin batean sutea eragitea leporatuta. 23 urteko gizona espetxean sartu dute, epailearen aurretik igaro ondoren. Sutean gizon bat hil zen, garretatik ihesi hirugarren solairutik kalera jauzi eginda.

Ezbeharraren ondorioz, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen sutea nahita eragindakoa izan ote zen argitzeko. Ikerketak emaitzak eman zituen, eta, ondorioz, atzo Ertzaintzak pertsona bat atxilotu zuen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Atxilotua kartzelan sartu dute, atzo arratsaldean epailearen aurretik igaro ostean.

Halaber, Ertzaintzak atxilotuaren kontrako izapideak abiatu ditu Basaurin pasa den urriaren 7an eta abenduaren 21ean izandako sute txikiekin lotura duelakoan. Bi kasu horietan ez zen inor zauritu.

Gizonak aurrekariak ditu antzeko delituengatik.

Sua Kareaga auzoko Goiko kaleko hiru solairuko eraikin baten etxabean piztu zen. Eraikinak egurrezko azpiegitura zuen, eta, hori dela eta, garrak azkar hedatu ziren. Hildako bizilagunaz gain, hainbat pertsona erreskatatu behar izan zituzten. 

Basauriko Udala

Bere aldetik, Basauriko Udalak jakinarazi du atxilotutako gazteak aurretik antzeko gertakariekin lotura izan duenean, Udalak eskura izan duen informazioa dagokion epaitegiaren esku utzi izan duela beti.

Asier Iragorri Basauriko alkateak ziurtatu du 23 urteko gizonezkoarekin lotura izan zezakeen kasu guztietan une oro "zorrotz" lan egin dutela.

Halaber, Udalak azaldu du orain bi aste pasa Basaurin izandako sutearen ondorioz etxetik ateratako bizilagunek —30 bat familia— Bilboko hotel batean jarraitzen dutela.

Kaltetu guztiei zuzendutako arreta-bulego bat zabaldu dutela ere azaldu du Udalak, bizilagunei informazioa helarazteko eta laguntza emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Basauri Ertzaintza Gaurko albisteak Bizkaia Suteak Delituak azken ordukoa Gizartea bideoak Albisteak Gaur Albisteak Suhiltzaileak