Gizartea -

EUSKADIKO HEZKUNTZA EBALUAZIOA

DBHko ikasleek hobera egin dute gaztelaniaz, ingelesez eta zientzian, baina okerrera, euskarazko gaitasunean

Astelehenen honetan eman dira jakitera Unibertsitatez kanpoko Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak 2023ko eta 2024ko "Ebaluazio Diagnostikoen" txostenaren datu nagusiak. Era berean, 2024-2028 epean emaitzak hobetzeko estrategia aurkeztu dute.

Gasteizko eskola bateko sarrera. Argazkia: EFE
Gasteizko eskola bateko sarrera. Argazkia: EFE

Gasteizko eskola bateko sarrera. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaztelaniazko eta ingelesezko hizkuntza komunikaziorako gaitasunek eta gaitasun zientifikoak hobekuntza txiki bat izan zuten 2024an Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 4. mailan, EAEko ikasleen artean. Euskaraz, berriz, atzerakada txiki bat gertatu zen, eta matematikako emaitzak egonkor mantendu dira, Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI) astelehen honetan ezagutzera eman duen azken ebaluazio diagnostikoaren arabera.

Lehen Hezkuntzari dagokionez, berriz, hobekuntza nabarmena izan da gaitasun zientifikoan, 2024an sei puntu igo baita Lehen Hezkuntzako 6. mailan. Hala ere, gaztelaniazko hizkuntza-komunikaziorako gaitasunak lau puntu egin du behera. Gainerako gaitasunetan, berriz, emaitzak ez dira ia aldatu aurreko edizioekin alderatuta.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak, Lucia Torrealday Hezkuntza Politiketako sailburuordeak eta Josu Solabarrieta Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeko (ISEI) zuzendariak aurkeztu dituzte 2023ko eta 2024ko ebaluazio diagnostikoen emaitzak eta 2024-2028 emaitzak hobetzeko estrategia integralaren berri ere eman dute.

2023ko ebaluazioa hezkuntza zikloen erdiko etapari dagokio (Lehen Hezkuntzako 4. maila eta DBHko 2. maila), eta 2024koak ebaluazioan etapa amaiera ebaluatzen da (Lehen Hezkuntzako 6. maila eta DBHko 4. maila).

Torrealday, Pedrosa y Solabarrieta, en la presentación del estudio. Foto: EFE

Torrealday, Pedrosa y Solabarrieta, en la presentación del estudio. Foto: EFE

"Gizartea etengabe aldatzen da eta aldaketa horiek eragin zuzena dute ikasleek ikasten duten moduarekin"

Pedrosa sailburuak azpimarratu duenez, gizartea "etengabe aldatzen" ari da eta aldaketa horiek eragin zuzena dute ikasleek ikasten duten moduarekin. Pedrosak zehaztu duenez, geletan dagoen dibertsitatea, garapen demografikoa eta teknologia eragina izaten ari dira irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuetan. Horregatik, Hezkuntza Departamentuaren konpromisoa berretsi du hezkuntza sistema "malgua" eta "unean uneko errealitateari egokitua" izan dadin.

Torrealdayk, berriz, nabarmendu du "emaitza akademikoak Indize Sozioekonomikoa eta Kulturalarekin (ISEK) oso lotuta" jarraitzen dutela eta azaldu du hezkuntza arrakala murrizteko eta ekitatea hobetzeko errefortzu politikak aktibatu dituela Hezkuntza Departamentuak.

Gaitasunak ebaluatzeko jardun-mailei dagokienez, gaitasun gehienetan oinarrizko mailan dauden ikasleen ehuneko zatiak bere horretan jarraitzen du txostenaren arabera eta hori murriztea da Sailaren "erronketako bat".

Hezkuntza sailburuak azpimarratu duenez, 2024-2028 epean emaitzak hobetzeko lortzeko helburuz, errefortzu programa berriak jarri dituzte abian eta 24.000 ikaslek baliatu dituzte programok.

Horien artean nabarmendu dituzte Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleei zuzendatutako irakurketa errefortzuak eta LH 4. mailako ikasleei zuzendutako matematika errefortzua. Irakasleek ikastorduetatik kanpo ematen dituzten eskolak dira, tutoreekin koordinatuz.

Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI) nabarmendu du emaitza onenak dituzten ikastetxeak etengabe hobetzeko ekimenak abian jartzen dituztenak direla.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Umeak