Gizartea -

MEMORIA HISTORIKOA

Martxoaren 3ko manifestazioa katedral berrian amaituko da, langileen hileta jendetsua gogora ekartzeko

1976an Espainiako Poliziak tiroka hildako langileen omenezko manifestazioa duela 49 urte hileta-elizkizuna hartu zuen eraikinera iritsiko da lehenengoz.

Martxoaren 3ko manifestazioa, Gasteizen. Argazkia: EITB
Martxoaren 3ko manifestazioa, Gasteizen. Argazkia: EITB

Martxoaren 3ko manifestazioa, Gasteizen. Argazkia: EITB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxoaren 3ko manifestazioaren antolatzaileek —ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek eta M3 elkarteak— iragarri dute aurtengoa Maria Sortzez Garbiaren katedralean amaituko dela, 1976an hildako langileen omenez egin zen hileta-elizkizun jendetsua oroitzeko asmoz.

Espainiako Poliziak 1976ko martxoaren 3an tiroka hildako bost langileak omenduko dituzte horrela, gertakariaren 49. urteurrenean.

Urtero legez, biktimentzat "egia, justizia eta ordaina" eskatzeaz gain, puri-purian dauden lan arloko aldarrikapenak ere eramango dituzte manifestaziora.

Hala, jarraipena emango diote gutxieneko soldata duinari buruzkoak Euskadin bertan erabakitzeko dinamikari.

Gutxieneko pentsio duinak, zaintza arloko aldarrikapenek, eta osasuna, hezkuntza eta zerbitzu publiko guztien gaineko aldarriek ere izango dute tokia manifestazioan.

Antolatzaileek herritar guzti-guztien parte-hartze zabala eskatu dute, manifestazioak ahalik eta aniztasun handiena izan dezan.

Aurreko urteetan bezalaxe, mobilizazioa omenaldiarekin hasiko da, martxoaren 3ko monolitoaren aurrean, 18:00etan; eta ondoren, 18:30ean, abiatuko da manifestazioa.

Aurtengo berritasuna manifestazioaren amaieran egongo da, katedral berriraino iritsiko baita, 1976ko hileta jendetsua gogora ekartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Martxoak 3 Memoria Historikoa