Gizartea -
Arrazakeria
Gaztelueta C-Berango C gaztetxoen mailako futbol partida bertan behera, irain arrazistengatik
Larunbatean izan zen gertakaria, 13 bat urteko mutikoen arteko partida batean jokalari batek aurkari bat iraindu zuen. Gorengo Erregionalean, Otxarkoagak ere zelaia utzi zuen arrazoi horrexegatik.
eitb media
Bi futbol partida bertan behera geratu dira asteburuan, Bizkaian, jokalariek jasotako irain arrazisten ondorioz.
13 urteko gaztetxoen mailako mutikoen futbol partidu batean, larunbatean, Berango C taldeak zelaitik alde egin zuen Gaztelueta Ctaldeko jokalari batek aurkari bati irain arrazistak egin zizkiolako.
Oier Sorianok, Berango C talde bisitariaren entrenatzaileak, jokalariak zelaitik ateratzea erabaki zuen, epaileak neurrik hartzen ez zuela ikusita.
Epailearen txostenean agertzen denez, ez omen zuen iraina ("beltz zikin madarikatua") entzun, une horretan beste jokalari bat artatzen ari zelako. Partida, azkenean, bertan behera geratu zen 55. minutuan.
Sorianok Radio Euskadin adierazi duenez, horrelako gertakari bat jasaten duten lehenengo aldia da, eta talde aurkariko jokalarien senide batzuek irainak jaso zituenari barkamena eskatu bazioten ere, mutikoa lur jota dago.
Gazteluetak, bere aldetik, mezu bat argitaratu du sare sozialetan, diskriminazio oro gaitzesten duela adierazteko.
Ez da, hala ere, asteburu honetan izan den antzeko gertakari bakarra. Otxarkoaga Gorengo Erregional mailako jokalariek zelaitik alde egin zuten Iturrigorriren aurkako partidan, aurkari batek jokalari bati irain arrazistak egin zizkiolako. Partida hori ere bertan behera geratu zen.