Gizartea -
EUSKADI IRRATIA
Iaz baino 200 bat ikasle gutxiago matrikulatu dira EAEko ikastetxeetan 2025-2026 ikasturterako
Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak esan duenez, 500 bat gutxiago izatea aurreikusi zuten, eta, beraz, jaitsiera "uste baino txikiagoa izan da". Zehaztu du, baita ere, segregazioari aurre egiteko bide berriak aztertzen ari direla.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Joan den ostiralean amaitu zen EAEko ikastetxeetan —Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan— 2025-2026 ikasturterako izena emateko epea, eta behin-behineko datuen arabera, aurtengo ikasturtean baino "200 bat ikasle gutxiago matrikulatu dira". Nolanahi ere, jaitsiera Eusko Jaurlaritzak uste zuena baino txikiagoa izan da: 500 bat izen-emate gutxiago aurreikusi zituen.
Datuok Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eman ditu, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, matrikulazioaren lehen balantzeaz galdetuta. Martxorako izango dituzte behin betiko datuak.
__________________________________________________
Entzun elkarrizketa osoa, hemen
__________________________________________________
Besteak beste, segregazioaz ere aritu da sailburua luze-zabal. Orain bi urte hasi zen Hezkuntza Saila segregazioari aurre egiteko neurriak ezartzen matrikulazio prozesuetan, eta horiek utzitako emaitzen azterketa martxoan egingo dutela iragarri du Pedrosak. "Ezarritako neurrien balantzea datorren hilabetean egingo dugu". Nolanahi ere, aurreratu du segregazioari aurre egiteko "bide gehiago" lantzen ari direla, eta azpimarra berezia jarri du matrikulazio bizia deritzonean, hau da, behin ikasturtea hasita egiten diren eskolatzeetan.
Azaldu duenez, "matrikula bizia esponentzialki igotzen" ari da urtez urte, eta hor dute orain begirada jarrita, segregazioari aurre nola egin aztertzean. Datu batzuk jarri ditu mahai gainean: 2020an ikasle etorkinak % 10 ziren; 2023an, % 15. "Ikusten ari gara inpaktu handiena datorrela matrikula bizian aplikatzen ditugun neurriekin. Gauza bat da sarbidean aplikatzen ditugun neurriak, baina aintzat hartu behar da matrikula biziak modu esponentzialean igo direla. Horrek ekartzen du benetako aldaketa (...). Herri moduan eta gizarte moduan begirada aldaketa eskatzen dute datuek. Oso garrantzitsua da gizarteari ondo azaltzea nora goazen".
Zentzu horretan, gaiari "lasaitasunez eta irmotasunez" heltzea eskatu du. Bere hitzetan, "kontsentsua" bilatu behar da hezkuntza komunitate osoarekin. "Transmititu nahi dut Jaurlaritzak anbizioa izan baduela egoerari aurre egiteko. Baina gizarte osoak ikusi eta sentitu behar du anbizio hori", zehaztu du.
Bestalde, Hezkuntzako sindikatuekin asteon egingo dituzten bileren harira, Pedrosak esan du Jaurlaritzak "akordiorako esperantza" baduela, baina betiere, gehitu du, "neurri errealistak" badira proposatutakoak. "Erantzukizunez" jokatzea eskatu du.