Gizartea -
Kutsadura
Lapurdiko isuri gutxiko eremua ekainaren 1ean sartuko da indarrean
Gehiengo sinplez atera da aurrera autoen etiketa ekologikoa jartzera behartzen duen eta horren arabera errepide batzuetarako sarbidea galaraziko duen neurria. Hala ere, Biltzar tirabiratsua izan da, neurriaren aldeko zein aurkako ahots ugari entzun baitira.
eitb media
Lapurdiko isuri gutxiko eremua ekainaren 1etik aurrera egongo da indarrean. Halaxe erabaki du gaur goizean Euskal Hirigune Elkargoak egindako biltzar nagusian.
Aurreikusitakoa baino bi hilabete geroago sartuko da indarrean neurria, eta berritasun bat izango du, emisio baxuko eremuak ordutegia izango baitu: goizeko seietatik gaueko hamarretara egongo da indarrean egunero.
Gehiengo sinplez atera da aurrera autoen etiketa ekologikoa jartzera behartzen duen eta horren arabera errepide batzuetarako sarbidea galaraziko duen neurria.
Biltzar tirabiratsua izan da, neurriaren aldeko zein aurkako ahots ugari entzun baitira.
Neurriak itsasertzaren mugen barruan igarotzen diren ibilgailu guztiei eragingo die, A-63raino, araututako eremutik kanpo utzi baitute hortik barrurako lur-eremua, eta, hain zuzen ere, hortik etorri dira kexarik gehienak, neurriaren mugak biztanle zaurgarrienek pairatuko dituztela salatu baitute.
Joseba Erremundegi Euskal Elkargoko hautetsiak neurriak behar sozialak kontuan hartzen dituela berretsi du. Erantsi duenez, emisio gutxiko eremura 1996tik aurrerako auto guztiak sartu ahal izango direla eta epe horretatik kanpoko ibilgailuak dituztenentzat Euskal Elkargoak dirulaguntzak emango dituela ibilgailuak edo garraio moduak aldatzeko.
Biltzarraren atarian, herritar multzo bat isuri gutxiko eremuaren kontra protesta egiteko bildu dira, eta neurria diskriminatzailea eta ekologiaren ikuspegitik iruzurra dela salatu dute.
Nola lortu etiketa?
Gidariek ingurumen-etiketa eska dezakete webgune ofizialean inprimaki erraz bat beteta, eta, horri esker, arazorik gabe zirkulatu ahal izango dute eskualdean. Araudi berri horren helburua da kutsadura murriztea eta garraio iraunkorragoa sustatzea turista asko biltzen diren hiri eta eremuetan.
Gidariek ingurumen-etiketa lor dezakete certificat-air.gouv.fr webgune ofizialean sartuta. Bertan, ibilgailuaren informazioa (matrikula, matrikulazio-data eta erregai mota) eta datu pertsonalak (izena, helbidea eta posta elektronikoa) eman beharko dituzte. Kreditu-txartelaren eta bestelako metodoen bidez ordaindu ondoren, posta elektronikoz jasoko dute baieztapena.
Crit 'Air binetak sei kategoriatan sailkatzen ditu ibilgailuak, koloreak erabiliz emisio kutsagarrien mailaren arabera bereizita.
Etiketa aldez aurretik eskatzeko gomendatzen da, araua indarrean sartu baino lehen jasotzeko.
Frantziatik kanpo matrikulatutako ibilgailuek eraman beharreko etiketak 4,91 euro balio du (3,70 euro + bidalketa gastuak), eta 5-10 egunetan bidaltzen dute eskatzaileak adierazitako helbidera. Arau hori urratzen duten ibilgailuek isunak ordaindu beharko dituzte: 68 euroko isunak autoek, eta 135 eurokoak autobusek.