Gizartea -

HAUR MINBIZIAREN EGUNA

Urtero 70 haur-minbizi kasu atzematen dituzte EAEn

Horregatik, Farmaprest egitasmoa jarri dute abian Gurutzetako Ospitalean, SMS bidez informazioa bidalita paziente onkologiko pediatrikoen arreta prozesua hobetzeko.

Haur-minbizia. Argazkia: Irekia
Haur-minbizia. Argazkia: Irekia

Haur-minbizia. Argazkia: Irekia

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEn, 70 haur-minbizi kasu atzematen dituzte urtero, eta ia erdiak (% 47) linfomak eta leuzemiak dira.

Otsailaren 15ean, Haur Minbiziaren Nazioarteko Egunean, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak zabaldutako informazioaren arabera, 10 kasutik 8tan haurrek bizirik jarraitzen dute, gaixotasunik gabe, 5 urteko epean.

1990etik 2018ra 1.338 kasu atzeman zituzten (% 58 mutiletan eta % 42 neskatan), 159,88 kasu urtean milioi bat pertsonako.

Minbizi ohikoenen artean leuzemia eta linfomak daude, guztien % 47 baitira. Nerbio-sistemako tumore gaiztoak, berriz, % 15 dira.

Minbizia duten 15 urtetik beherako pazienteen biziraupenak gora egin du EAEn, eta 5 urtera tumore gaizto ohikoenetako bat izan duten pazienteen % 80k jarraitzen dute bizirik, gaixotasunik gabe.

Osakidetzaren esanetan, "pazienteen eta horien senideen egonaldia humanizatzeko etengabeko ahaleginean", Farmaprest egitasmoa jarri du abian Gurutzetako Ospitalean paziente onkologiko pediatrikoen arreta prozesua hobetzeko.

Familiak aldez aurretik emandako telefonora bidalitako SMS baten bidez jakingo dute noiz joan behar duten medikuaren kontsultara analisiaren emaitzak ezagutzera, eta botika noiz dagoen jasotzeko prest Onkologia Pediatrikoko Eguneko Ospitalean.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Minbizia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gurutzetako ospitalea Umeak