Gizartea -
Rubialesen kontrako epaiketa
Rubialesen eta beste hiru akusatuen epaiketa epaiaren zain gelditu da
9 jardunaldi, hogei bat lekuko eta kontrako bi bertsio egon dira. Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiak uko egin dio azken hitza erabiltzeari, eta Vilda, Luque eta Riveraren defentsek, berriz, ukatu egin dute hertsapenik izan izana.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko (RFEF) presidente ohiaren aurkako epaiketa ostiral honetan amaitu, eta epaiaren zain geratu da. Jennifer Hermoso futbolariari baimenik gabe musua emateagatik eta ondoren hertsapenak egiteagatik epaitu dute Rubiales, eta Albert Luque Espainiako selekzioko zuzendari ohia, Jorge Vilda emakumezkoen hautatzaile ohia eta Ruben Rivera Federazioko Marketin arduradun ohia ere epaitu dituzte, presidenteak jokalariari musua eman ostean jokalariari hertsapenak egiteagatik.
Jose Manuel Fernandez-Prieto magistratuak amaitutzat eman du otsailaren 3an hasi zen ahozko bista. Bederatzi saio izan ditu, eta, besteak beste, Rubialesek berak eta Hermosok deklaratu dute. 2023an Emakumezkoen Munduko Futbol Txapelketa irabazi ostean dominak banatzeko ekitaldian Rubialesek Hermosori musua emateko baimenik izan zuen edo ez izan dute hizpide.
Akusatu guztiek baztertu egin dute azken hitza hartzeko eskubidea erabiltzea. "Bada, gezurra badirudi ere, amaitu egin dugu", esan du epaileak ostiral eguerdian, 12:00ak aldera.
Espainiako Auzitegi Nazionalean inoiz izan den epaiketa mediatikoenean, ehun hedabidetik gora egon dira akreditatuta, eta kazetari ugari izan dira. Magistratuaren aurrean, akusatuek ukatu egin dute Hermosori eta Hermosoren ingurukoei hertsapenik egin izana.
Vilda, Rivera eta Luquerentzat urtebete eta sei hilabeteko espetxe-zigorra eskatu dute presio horiengatik. Rubialesentzat, berriz, 2 urte eta 6 hilabeteko espetxe-zigorra eskatu dute, hertsapenari sexu-erasoa gehitu behar baitzaio.