Gizartea -

Sexu-erasoa

Bederatzi urteko zigorra gizon bati konortea erdi galduta zuen emakume bati sexu-abusuak egitearren

2019ko ekainean gertatu zen erasoa, Bilboko etxebizitza batean. Biktimak konortea galdu zuen, ustez akusatuak eta horren neska-lagunak substantzia bat eman ostean.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak bederatzi urteko espetxe-zigorra ezarri dio gizon bati konortea partzialki galduta zeukan emakume bati sexu-abusuak egiteagatik, eta auzi-ihesean emandako hirugarren pertsona batek erasoa grabatzea onartzeagatik.

Sexu-abusu delitua egotzita, zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri diote, eta intimitatearen eta norbere irudiaren eskubidearen aurkako delituagatik, bi urtekoa. Gainera, 14 hilabetez egunero 10 euro ordaindu beharko dizkio biktimari (guztira 4.200 euro) aipatutako bigarren delitu horrengatik.

Bestalde, 4.900 euroko kalte-ordaina eman beharko dio eragindako lesioengatik, eta 10.000 eurokoa egindako min moralagatik.

2019ko ekainean gertatu zen erasoa, Bilboko etxebizitza batean. Auzipetuak (biktimaren lagun baten mutil-laguna) lagunduta joan zen etxebizitza horretara erasotutako emakumea. Han, konortea partzialki galdu zuen biktimak, akusatuak eta horren neska-lagunak substantzia bat eman ostean.

Orduan, sexu-abusuak egin zizkion erasotzaileak, eta auzi-ihesean emandako emakumeak dena grabatu zuen. Grabazio horiek, gainera, lagun gehiagok ikusi zituzten.

Auzitegiak gogora ekarri du akusatuak ez zuela deklaratu nahi izan, baina biktimaren eta horren lagunen kontakizunetan oinarrituta ezarri diote zigorra. Egindako grabazioak ere baliatu dituzte horretarako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Indarkeria matxista Bizkaia Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Sexu erasoak