Gizartea -
Suizidioaren prebentzioa
Osakidetzak haien buruaz beste egiteko arriskuan dauden 2.000 pertsona baino gehiago detektatu eta artatu ditu
2022an 564 pertsona artatu zituzten, 2023an zifra 647ra igo zen eta 2024an 793ra iritsi zen. Protokolo hori Eusko Jaurlaritzak 2019an abian jarritako Suizidioa Prebenitzeko Euskal Estrategiaren tresna nagusietako bat da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Suizidio Saiakera Kode Berria duela hiru urte ezarri zenetik suizidio arriskuan dauden 2.004 pertsona baino gehiago atzeman eta artatu ditu Osakidetzak, Osasun Sailak jakinarazi duenez.
2022an 564 pertsona artatu zituzten, 2023an 647 eta 2024an 793. Kode hori Eusko Jaurlaritzak 2019an abian jarritako Suizidioa Prebenitzeko Euskal Estrategiaren tresna nagusietako bat da.
Osasun Sailak nabarmendu duenez, pandemiak eragindako zailtasunak gorabehera, EAEko erakundeek modu koordinatuan lan egin dute jokabide suizida prebenitu, detektatu eta horren jarraipena egiteko. Estrategia hainbat sektore eta administrazio-mailaren arteko lankidetzari esker dago martxan, eta horri esker egoera horien aurreko erantzuna hobetu daiteke.
Osasun-arloan, hainbat aurrerapen egin dira, hala nola Osasun Kontseilua prebentzioan inplikatzea, Emergentziak-Osakidetzak 024 telefonotik bideratutako pertsonei laguntzea eta nerabeen depresioa detektatzeko baheketak ezartzea. Gainera, suizidioaren prebentzioa pazientearen segurtasun-estrategian txertatu da.
Hezkuntza-ingurunean ere garatu dira ekintzak, Hezkuntza eta Osasun Sailek ikastetxeetan bultzatutako prebentzio, esku-hartze eta jarraipenerako plan batekin. Gainera, prestakuntza-ikastaroak egin dira, bai aurrez aurrekoak, bai linean, pertsonal sanitarioarentzat eta ez-sanitarioarentzat, baita kalteberatasun-egoeran dauden kolektiboentzat ere.
BIZI programa profesional ez-sanitarioei zuzendutako prebentzioko prestakuntza-ikastaroa da, eta 3.700 pertsona baino gehiago prestatu ditu 2022tik. Europako Batzordeak osasun mentala babesteko etorkizun handiko jardunbidetzat hartu du ekimen hori.
Era berean, bizirik atera direnen elkarteak babestu dira, eta horien lana funtsezkotzat jotzen da arlo horretan.
Eusko Jaurlaritzak adierazi du prest dagoela suizidioaren prebentzioan bere esperientzia partekatzeko Osasun Ministerioarekin, Espainiako Estatuko 2025-2027 planaren esparruan.
Gainera, Euskadin 2023-2028 Osasun Mentaleko Estrategia garatzen ari da. Estrategia horren helburua da arreta integrala bermatzea, ikuspegi komunitarioan oinarritua, banakoak ardatz hartuta, eta errekuperaziora bideratua.