Gizartea -
GERTAKARIA
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen beste bati arma zuri batekin aurpegian zauriak egitea egotzita
Erasoa bart jazo da, 21:00ak aldera, Andaluzia kaleko taberna batean (Arana auzoan). Tabernaren arduradunak labanaz eraso dio bezero bati. Atxilotutakoa datozen orduetan eramango dute epailearen aurrera.
EITB MEDIA
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du bart Gasteizen beste bati arma zuriz eraso egitea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez. Hilketa saiakera delitua leporatu diote atxilotutakoari.
Gertakariak asteazkeneko 21:00ak aldera jazo dira, Arabako hiriburuan, Andaluzia kaleko (Arana auzoan) taberna baten kanpoaldean. Larrialdi zerbitzuei lekukoek ohartarazi dietenez, taberna baten arduradunak eta bezero batek eztabaida handia izan dute establezimendu barruan. Ondoren, eztabaida zakartzen joan omen da eta biak terrazara atera dira; han gertatu da erasoa.
Biktima Txagorritxu Ospitalera eraman behar izan dute, aurpegian eta lepoan zauriak zituela.
Atxilotutako gizona polizia-egoitzara eraman dute eginbideak hasteko, eta, horiek amaitutakoan, agintari judizialaren eskuetan jarriko dute. Gizonaren bikotekidea ere ikerketapean jarri dute.