Gizartea -
OSASUNA
38ra igo dira elgorri kasuak EAEn, azken astean hiru kutsatze baieztatu dira eta
Osakidetzaren arabera, kasu guztiek bilakaera ona izan dute. Kutsatutakoetatik 18 osasun-langileak dira.
EITB MEDIA
2024ko azarotik, Euskal Autonomia Erkidegoan 38 elgorri kasu atzeman dira, azken astean 3 kutsatze gehiago baieztatu ondoren, aurreko astean baino 5 gutxiago.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakinarazi duenez, joan den urteko azaroan Bizkaian izandako elgorri-agerralditik eratorritakoak dira baieztatutako kutsatzeetatik 36. Gainerako hirurak Gipuzkoan atzemandako kasuak dira: horietatik bi, joan den abenduan; eta hirugarrena, hilabete honetan.
Osakidetzak esan du "kasu guztiek bilakaera ona" izan dutela, "txertaketa-tasa altuak dituzten herrialde eta eskualdeetan ohikoa den eredu epidemiologikoari jarraiki". "Euskadin 2023an lehen dosirako txertaketa % 96,79koa izan zen eta % 92,44koa, bigarren dosirako", zehaztu dute.
Osasun Sailak gogorarazi du elgorria "airez, tanta bidez eta kutsatutako jariakinekin kontaktuan egonda" transmititzen dela eta, beraz, "maskarak birusaren sakabanatzea murrizten" duela eta beste paziente eta laguntzaileak babesten dituela.
Aldi berean, azpimarratu du "txertaketa dela prebentzio-tresna eraginkorrena" gaixotasuna zabaltzea saihesteko.