Gizartea -
Jokoaren Euskal Behatokia
Inoiz dirua jokatu duten pertsonen kopurua % 70,5etik % 92,8ra igo da EAEn
Zenbakiek agerian uzten dute jokoaren sektorea presente dagoela gure gizartean, eta normalizazio handia duela. Hala ere, jokoan aritzeak eragindako arazoren bat zuten pertsonen portzentajea % 1 zen 2020an. Lau urte geroago, 2024an, datu hori % 1,5era igo da.
EITB Media
"Apustularien prebalentzia, ohiturak eta profilak Euskadin 2024" azterketaren ondorioek "eboluzionatzen ari den errealitate konplexua" islatzen dute, azken urteotan kezkak sortu baitira jokoan aritzeak eragindako jokabideekin eta adikzioekin lotuta.
Azpimarratu behar da ikerketaren emaitzen azterketan agerian geratu dela gizartean jokoaren prebalentzia areagotu egin dela, batez ere Gabonetako eta Erregetako loteriak joko gisa hartu eta onartu direlako.
Gainera, adingabeak jokoan has ez daitezen ahaleginak egin arren, oraindik ere kezkagarria da oso gazte jokatzen hasten diren pertsonen kopurua. Bereziki azpimarragarria da online gertatzen dena; izan ere, eremu horretan gazteak gehiengoa dira.
2019az geroztik, Jokoaren Euskal Behatokiak hainbat ikerketa egin ditu. Horrekin, behatokia bera prest dago aldi horretan izandako aldaketei heltzeko, covid-19ak eragindako pandemia "faktore disruptibo nabarmena" izan baita.
Inoiz jokatu dutela aitortu duten pertsonen kopurua 20 puntu igo da (% 70,5etik % 92,8ra), eta horri erreparatu diote azken urteetan izandako aldaketak aztertu eta gero.
Hala, laginen % 92,8k aitortu zuten bizitzan gutxienez behin jokatu dutela, eta azken 12 hilabeteetan jokatu zutenak, berriz, % 85,8ra jaitsi ziren. Portzentaje horiek agerian uzten dute jokoaren sektoreak presentzia eta normalizazio handia duela gizartean.
Hala ere, jokoan aritzeak eragindako arazoren bat zuten pertsonen ehunekoa % 1 zen 2020an. Lau urte geroago, 2024an, datu hori % 1,5era igo da.
Jokoan aritzen direnek hamaika arrazoirengatik egiten dute, eta arrazoiok aldatu egiten dira joko modalitatearen arabera; hau da, ez dute arrazoi berarengatik jokatzen aurrez aurre eta online egiten dutenek.
Lehenengo modalitatearen kasuan, dirua irabaztea (% 42,7) eta ohitura (% 39,7) dute buruan; dibertsioa (% 34,5) eta irabazi ekonomikoak (% 24,1), berriz, online aritzen direnek.
Beste muturrean, inoiz ez dutela jokatu adierazi duten pertsonen % 7,2k diru eta denbora galeratzat (% 38,2) eta jarduera desatsegintzat (% 28,3) hartzen dute jokoa, besteak beste. Bi arrazoi horiek ere nagusi izan ziren azken urtean jokatu ez dutenen artean. % 49,4 eta % 28,4, hurrenez hurren.
Estatuaren eta ONCEren mendeko jokoak dira oraindik ere nagusi, eta, gainera, aurrez aurreko jokoak garrantzi gehiago izaten jarraitzen du online jokoak baino.
Joko motak, belaunaldika
Ikerketa honetan lortutako datuen arabera, gizonen eta emakumeen artean ere badago alderik, baina, batez ere, belaunaldien artean. Online modalitatea oraindik ez da gazteen esparrutik atera, eta loteriak, berriz, ez dira oraindik gazteengana iritsi.
2020an, 18 urte bete aurretik jokoan hasi ziren pertsonen kopurua % 25ekoa zen, eta, gaur egun, kopuru hori % 17,1era jaitsi da aurrez aurreko jokoari begiratuta, eta % 20,6ra online jokoari erreparatuta. Iritzi publikoa, sarbidea kontrolatzeko neurriak izan daitezke aldaketa horren eragile, besteak beste.
Gainera, 2020an, 18-24 adin tartean % 60k aitortu zuten adinez nagusi izan aurretik hasi zirela jokoan. 2024an, datu hori % 34,6ra murriztu da joko presentzialean, baina online jokoaren kasuan antzeko zenbatekoan (% 60,6) jarraitzen du.