Gizartea -
Bosgarren urteurrena
Zaldibar Argituk salatu du hondamenditik bost urtera inor ez dela oraindik akusatuen aulkian eseri
Gainera, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako ezein agintarik ez duela erantzukizunik hartu, nahiz eta zabortegiaren jarduna kontrolatzeko ardura izan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ehunka lagun batu dira gaur, igandea, Zaldibarko (Bizkaia) Eitzaga auzoan, zabortegiaren hondamendia izan eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak hil zirenetik bosgarren urtemuga bete denean. Ingurumen delitua ikertzen ari den prozesua zabalik dago oraindik. "Onartezina" dela esan du Zaldibar Argitu plataformako ordezkari Gaizka Zabartek. Horren hitzetan, "betiko" luzatzen ari dira kontua.
Plataformaren izenean, Zabartek salatu du bost urte igaro direla "inor akusatuen aulkian eseri gabe", "nahigabeko hilketak eragin izana onartu zuten Verter Recyclingeko —zabortegiaren kudeaketaz arduratzen den enpresa— arduradunek akordioa egin zutelako, ahozko epaiketarik eta kartzela-zigorrik ez izateko".
Halaber, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako ezein agintarik ez duela erantzukizunik hartu, nahiz eta zabortegiaren jarduna kontrolatzeko ardura izan. "Are gehiago, pixkanaka desagertzen ari dira orduko arduradunak", erantsi du.
Bi hildakoak izan dituzte gogoan gaurko ekitaldian. Hondamendia jazo eta sei hilabetera aurkitu zituzten Sololuzeren gorpuzkiak, baina Beltranenak ez dira oraindik azaldu. "Hor datza Joaquin Beltran", gogoratu du Zabartek.
Kaltetutako udalerrietako bizilagunak ere izan dira Zaldibarren gaur, hildakoei lore-eskaintza egiteko eta egoera argitu dadila eskatzeko, biktimen familiekin batera.