Gizartea -
KARLA SOFIA GASCON
Karla Sofia Gasconek polemikaren ostean behin betiko isiltasuna iragarri du eta barkamena eskatu du
Duela urte batzuk X sarean argitaratutako mezu arrazisten harira polemika piztu ostean, aktoreak esan du ez duela berriro hitz egingo, filmari kalterik ez egiteko.
EITB MEDIA
Karla Sofia Gascon aktoreak gaur goizaldean jakinarazi du ez duela berriz hitz egingo filmari kalterik ez egiteko, eta barkamena eskatu die "bide horretan zaurituak izan direnei", Instagrameko bere profilaren bidez zabaldutako argitalpen batean adierazi duenez.
Duela urte batzuk X sarean argitaratutako mezu arrazisten harira polemika piztu, eta Jacques Audiard "Emilia Perez" pelikulako zuzendariak Deadline hedabideari egindako adierazpenak zabaldu ostean hartu du erabaki hori aktoreak. Gasconi "jarrera autosuntsitzailea" izatea egotzi, eta haren txioak "barkaezinak" direla esan zuen.
Gasconek ingelesezko argitalpen batean esan duenez (orain arte gaztelaniaz zabaldu ditu mezu guztiak), Audiarden adierazpenak ulertzen ditu eta erabaki hori "pelikulagatik, Jacquesengatik, antzezleengatik, merezi duen taldeagatik eta guztiok batera bizi dugun abentura ederragatik" hartu du.
"Utz diezaiogun lanari bere kabuz hitz egiten", gaineratu du, "eta espero dezagun isiltasunak pelikulari bere izaeragatik, maitasunaren eta desberdintasunaren oda ederra izateagatik, preziatua izatea ahalbidetuko diola".
Aktorea inguratzen duen polemikak, hasiera batean "gorroto eta desinformazio kanpaina" baten menpe zegoela salatu zuen arren, kalte handia egin dio Netflixen filmari. Oscar sarietarako faboritoetako bat ere bazen.
"Benetan barkamena eskatzen diet bidean kalteak jasan dituzten pertsona guztiei", adierazi du aktoreak, aurretik ere barkamena eskatu eta estatuatxo bat irabazteko aukera izan duen lehen emakume trans bihurtu ostean. "Nam Myoho Renge Kyo" mantra budista esanez amaitu du argitalpena.
Aktoreak duela gutxi iragarri zuen ez zela Goya sariak banatzeko galara joango.