Gizartea -
Euskararen kontrako epaia
EAEko Auzitegi Nagusiak ez du onartu Udaltzaingoko euskararen epaiari Donostiako Udalak jarritako helegitea
Kasazio-errekurtso hori izapidetzeko ez onartzeak, de facto, irmo bihurtzen du Donostiako Udaltzaingoaren Prebentzio Iraunkorreko Unitatean bi lanpostu horien deialdia baliogabetu zuen ebazpena, euskarazko B2 hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea baldintza gisa jartzea gaitzetsi zuena.
Agentziak | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak amaiera eman dio euskararen eskakizunaren harira Donostiako Udaltzaingorako bi lanpostu baliogabetu izanak sortutako polemikaren ibilbide judizialari, ez baitu izapidetzeko onartu Donostiako Udalak aurkeztutako azken errekurtsoa.
Joan den irailean, Donostiako alkate Eneko Goiak iragarri zuen errekurtso hori prentsaurreko batean, eta, bertan, polizia-plaza horien udal-deialdian hizkuntza hori eskatzearen aurkako gaitzespen judiziala "euskararen ofizialtasunaren aurkako eraso zuzena" izan zela adierazi zuen.
Orain, kasazio-errekurtso hori izapidetzeko ez onartzeak, de facto, irmo bihurtzen du Donostiako Udaltzaingoaren Prebentzio Iraunkorreko Unitatean bi lanpostu horien deialdia baliogabetu zuen ebazpena, euskarazko B2 hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea baldintza gisa jartzea gaitzetsi zuena.
EFEk eskuratu ahal izan duen auto batean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez du ikusi "kasazio-interes objektiborik" dagoenik, eta atzera bota du, baina ez sartu gaiaren mamia aztertzera. Ez dago jada helegiterako aukerarik.
Aurretik, auzitegi horrek berak berretsi zuen polemika eragin zuen epaia, non Donostiako epaitegi batek ebatzi baitzuen euskara jakitea ez zela "nahitaezkoa" unitateko zaindari guztientzat.
Hala, onartu egin zuen Tokiko Gobernu Batzarrak 2022ko abenduan Udaltzaingorako plaza horien oinarriak ezarri zituen erabakiaren aurka partikular batek aurkeztutako errekurtsoa.
Francisco Ignacio Lopez Lera letraduak ordezkatu zuen partikular honek agudiatzen zuenez, bi lanpostuetara iristeko B2 hizkuntza-eskakizuna egiaztatu beharrak Konstituzioan jasotako "funtzio eta kargu publikoetara berdintasunez iristeko oinarrizko eskubidea urratzen" zuen.
Epaitegiak arrazoi osoa eman zion, argidiatuz Administrazioak bilatu behar duela "herritarrek harekin euskaraz harremantzeko aukera bermatzuko duen modua", euskaldun ez direnen enplegu publikoa lortzeko eskubidean "diskriminaziorik eragin gabe".
Ildo horretan, azpimarratu zuenez Udaltzaingoaren Prebentzio Iraunkorreko Unitateko agente baten berezko eginkizunek, Udalak berak egindako txosten batean jasota daudenak, "ez dute eskatzen, nahitaez, kide guztiek euskara jakitea, herritarrei zerbitzua hizkuntza koofizial horretan emango zaiela bermatzeko".