Gizartea -
Guardia Zibila
Errioxako ardoak faltsutzeko sare bat desegin dute Asian eta 7 pertsona ikertzen ari dira; batzuk, Araban
Uneotan ikertzen ari dira zenbat litro ardo eraman diren Asiara eta irabaziak zenbatekoak izan diren; "milioiak", antza.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Guardia Zibilak, Europol, Interpol eta Vietnamgo Polizia agintariekin koordinatuta, Espainia, Vietnam eta Txinan Errioxa Jatorri Deitura zuten ardoak faltsutzen zituen sare bat desegin du.
Valentziako eta Arabako probintzietan bizi diren eta une honetan aske dauden zazpi pertsona ikertu dituzte, erakunde kriminaleko kide izatea, jabetza industrialaren aurka egitea, dokumentuak faltsutzea eta iruzur jarraitua egitea egotzita.
Operazio iruzurraren aurkako borrokaren baitakoa da, eta zabalik jarraitzen du.
Vietnamen oporretan zegoen eta gourmet denda batean iruzurrez saldutako botila etiketatu bat aurkitu zuen herritar espainiar bati esker hasi zen ikerketa, 2023ko martxoan.
Ikerketu ahala jakin zuten Valentziako Erkidegoko hiru enpresak legez kanpoko sare bat sortu zutela, baimendu gabeko formatuan hainbat autonomia erkidegotatik etorritako milaka litro ardo esportatzeko. Errioxatik ez zuten ardorik esportatzen.
Uneotan ari dira ikertzen zenbat litro ardo garraiatu diren Asiara eta talde horrek zer irabazi izan dituen.