Gizartea -

SAGARDOA MUNDUAN

Sagardoa, mundu osoan ekoitzi eta kontsumitzen den edaria

Sagardoak Euskal Herriarekin lotura estua duela ezin daiteke ukatu, baina hemendik kanpo ere ospe handia du sagarrez eginiko edariak. Frantziako Normandia eta Bretainiako lurraldeek dute sagardogintzan itzal luzeena, baina munduko sagardo ekoizlerik handiena Erresuma Batua da.

Sagardoa jarduera tradizionala duten herriak. Irudia: EITB Media.
Sagardoa jarduera tradizionala duten herriak. Irudia: EITB Media.

Sagardoa jarduera tradizionala duten herriak. Irudia: EITB Media.

ANE SANTESTEBAN

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sagardoa ez da Euskal Herrira bakarrik mugatzen, mundu osoan egin eta edaten da sagarrez eginiko edaria. Bada ezberdintasunik, ordea, gurean eta gainerako herrialdeetan egiten direnen artean; izan ere, hemen sagardo naturala izenarekin ezaguntzen dena kontsumitzen dugun arren, kanpoan bestelakoak nagusitzen dira; gozoagoak, sarrien.

Tradizio handia duten herrialdeen artean Frantzia dago eta herrialde horretan Normandia eta Bretainiako lurraldeek dute sagardogintzan ospe handiena. Alabaina, munduko sagardo ekoizle nagusia Erresuma Batua da. Haritz Rodriguez pommelierrak adierazi duenez, urtean 800 milioi litro baino gehiago ekoizten dira bertan; Euskal Herrian, berriz, 12 milioi litro.

AEBra sagarra eta sagardoa kolonizatzaileen eskutik iritsi ziren, baina garrantzia galtzen joan ziren, hainbat arrazoirengatik. "Esan ohi da Temperance mugimenduaren eta alkoholdun edariak hartzeko debekuaren ondorioz galdu zela, baina industrializazioak ekarri zuen sagardoaren gainbehera", azaldu du sagardoan adituak. Landa-eremuak utzi, eta hirira joan ziren herritarrak, bizimodu bila, sagastiak atzean utzita. "2010. urtetik aurrera, berriz, boom txiki bat izan zuen sagardoak, eta, gaur egun, 1.000 ekoizle baino gehiago ditugu herrialdean zehar", nabarmendu du.

Azken urteetan, Norvegian indarra hartzen ari da berriro. Alkohola oso kontrolatua dagoen eremua izaki debekatuta ere egon da denbora luzez, urteetan sagardoa ezkutuan ekoizten zuten sagardogileek. "2000. urte inguruan, hango sagardogileei sagardoa ekoizteko baimena eman zieten, eta handik hamar urtera, ekoizten zen tokian bertan sagardoa saltzea lortu zuten", azaldu du Rodriguezek. Ordutik, asko hazi da sagardo ekoizpena, eta gaur-gaurkoz 40 sagardotegi inguru daude herrialdean zehar.

Tradizio gutxi badago ere, azken urteetan Finlandian, esaterako, sagardoa ospea hartzen hasi da, eta Ingalaterran zein Estatu Batuetan ere taberna eta pubetan saltzen da nagusiki sagarrez egindako edari hori. Ekoizten hasi diren herrialdeen artean, Hegoafrika, Australia eta Zeelanda Berria daude.

Nolako sagardoa egiten da hemendik kanpo?

Mundu osoan hedatuta dagoen edaria da sagardoa, baina gutxi dira, Euskal Herrian bezala, sagardoa % 100 sagar-zuku freskoarekin egiten dutenak. Cider edo sagardoa zer den zehazteke dago oraindik, eta, horregatik, toki askotan urarekin, azukrearekin eta bestelako fruta eta osagaiekin nahasten dute sagarrez eginiko edari hori. Praktika hori Euskal Herrian, adibidez, ez dago baimenduta sagardo naturala egiten denean.

"Suedian, cider izan liteke sagar-zukua % 15eko kopuruan bakarrik duen edari bat; Erresuma Batuan, berriz, araututa dago gutxienez % 35 sagar-zukua izan behar duela, baina nabarmentzekoa da % 100 sagar-zuku freskoa darabiltenak merkatu osoaren % 1 direla soilik, hau da, urtean 8 milioi litro inguru", adierazi du sagardo sommelierrak.

Testuinguru horretan, Europan legedia aldatu nahian dabiltza, eta finkatu nahi dute cider edo sagardoa izena eduki dezan gutxienez % 50 sagar-zuku freskoa izan behar duela edari batek.

Nola edaten dute sagardoa atzerrian?

Sagardoa modu askotan aurkeztu eta edaten da Euskal Herritik kanpo. Alemaniako Hessen eskualdean, esaterako, Frankfurten, bembel izeneko pitxer batetik zerbitzatzen da tradizionalki, eta geripptes izena duen edalontzi batean ere bai. Bretainian, berriz, bolee izeneko katilu batik edaten da sagardoa. Azkenik, Britainia Handian, XVIII. mendean, jauntxoen edaria zen eta apaindutako kopa dotoreetan zerbitzatzen zen, adituaren hitzetan.

Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan ohikoa da sagardoa latatik edatea, eta mundu zabalean badira sagardoa edateko bestelako euskarriak, tartean, kristalezko botila eleganteak edo bag in box izenarekin ezagutzen direnak.

Euskal sommelierrak adierazi duenez, txotx errituak Euskal Herritik kanpo ere izan du eraginik, eta zenbat lekutan, bereziki AEBn, sagardotegi batzuek hemengo sagardoaren antzekoa egiteaz gain, txotx ekitaldiak ere antolatzen dituzte, Oregon estatuko 'Son of man' sagardotegian adibidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nekazaritza Euskal sagardotegiak