Gizartea -
Delituak
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, beste bati lapurreta egin eta labanaz zauritzeagatik
Indarkeriaz egindako lapurreta egotzi diote 22 urteko erasotzaileari. Santutxuko metroaren irteeran eraso dio biktimari, lapurreta egiten saiatu da eta hiru labankada eman dizkio.
EITB MEDIA
Ertzaintzak 22 urteko gizon bat atxilotu du larunbat goizaldean Bilbon, indarkeriaz egindako lapurreta delitu bat egotzita, Ertzaintzak ohar baten bidez zabaldu duenez. Erasotzaileak metrotik irtendakoan eraso dio biktimari, gauzak lapurtzen saiatzeko, eta hiru labankada eman dizkio.
Erasoa larunbateko 06:30 aldera jazo da, Santutxu auzoan. Biktima etxea bidean zihoala metrotik atera denean, gizon batek eraso dio: hiru labankada eman dizkio, bi saihetsean eta bat kokotsean.
Etxera iritsitakoan, biktimak laguntza eskatu die larrialdietako zerbitzuei. Ertzaintzaren patruila bat eta anbulantzia bat berehala bertaratu dira, eta osasun-langileek Basurtuko Ospitalera eraman dute, eta agenteak erasotzailearen bila abiatu dira eta inguruetan atxilotu dute.
Atxilotua epailearen esku utzi dute beharrezko izapideak egin ondoren.