Gizartea -

OSASUN PUBLIKOAREN ALDE

Osasun publikoan "promesetatik irtenbideetara" igarotzeko eskatu dute milaka lagunek

Osasun publikoaren sistemak "norabide aldaketa" behar duela aldarrikatu dute, besteak beste. Osasun sailburu Alberto Martinezek, bestalde, azpimarratu du EAEko osasun-sistema "Europako publikoena" dela.

Osasungintza publikoaren aldeko manifestazioa Donostian. Argazkia: @PodemosEuskadi_
Osasungintza publikoaren aldeko manifestazioa Donostian. Argazkia: @PodemosEuskadi_

Osasungintza publikoaren aldeko manifestazioa Donostian. Argazkia: @PodemosEuskadi_

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona atera dira kalera gaur EAEko hirburuetan, OPA Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak deituta, osasun-sistemaren "eredua aldatzea" eta "egiturazko arazoei premiazko konponbideak ematea" eskatzeko. Bilbon eta Gasteizen eguerdian izan dira mobilizazioak, eta Donostian, arratsaldean. 

Bizkaiko hiriburuan, Jesusen Bihotzetik abiatu da martxa, 'Osasungintza publikoaren alde! Promesarik ez!' leloa zuen pankarta buruan zuela, baina parte-hartzaileek beste pankarta eta kartel batzuk ere eraman dituzte, besteak beste, 'Dena pribatua denean, dena ukatuko zaigu', 'Publikoa ez da saltzen, publikoa babestu egiten da' eta 'Osasun publikoa herriaren zerbitzura' ziotenak.

Bilboko Kale Nagusiko ibilbidean zehar, parte-hartzaileek 'Kalitatezko osasun publikoaren alde' eta 'Osasuna murriztea ekintza kriminala da' leloak oihukatu dituzte.

Bertan bildutakoen artean ziren, besteak beste, Iker Casanova EH Bilduren Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeramailea, Lander Martinez Sumarreko diputatua eta Richar Vaquero Euskadiko Ahal Duguren idazkari nagusia. Sindikatuek eta hainbat kolektibok ere bat egin dute protestarekin, tartean Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkaritza zabal batek.

Bilboko manifestazioa. Argazkia: OPA.

Bilboko manifestazioa. Argazkia: OPA.

Osasun publikoaren aldeko plataformek salatu dutenez, Alberto Martinez Osasun sailburuak itxaron-zerrendak murriztu direla esan arren, "pandemiaren aurretik zeudenen gainetik" daude oraindik, Lehen Mailako Arretan artatua izateko "astebete" itxaron behar dela salatu dute, eta "baita 19 hilabete ere espezialitate batzuetan". 

"Gaixoak osasun pribatura bideratzen jarraitzen dute", deitoratu dute. "Ez da kasualitatea Osasun Saileko eta Osakidetzako goi-kargudunak sektore pribatuan amaitzea, ate birakarien bidez", esan du Jose Ignacio Martinez plataformen bozeramaileak hedabideen aurrean.

Deitzaileentzat, aurten Euskadin osasun alorrera bideratutako aurrekontua "oso eskasa" da; "% 0,35 baino ez da hazi 2024ko datuekin alderatuta", eta Europako batez bestekotik "oso urrun" dago. Horregatik, "gehiago inbertitzeko" eskatu dute, baina baita "hobeto inbertitzeko ere, Lehen Mailako Arreta lehenetsita, hura osasun-sistemaren erdigunean kokatzeko".

Ildo horretan, Martinezek ohartarazi duenez, gaur egun sustatzen ari diren Osasunaren aldeko Euskal Ituna "ez da behar bezala heltzen ari krisi-egoera horretara eraman duten arrazoiei, eta ez da egiturazko arazoak identifikatzen ari".

Hori dela eta, plataformen esanetan, "beharrezkoa da gizarteak presioa egiten jarraitzea", bai Imanol Pradales lehendakariari, bai Osasun sailburuari, bai itun honen lan-mahaian parte hartzen duten eragile politiko, sozial eta sindikalei ere, "beharrezko diren egiturazko aldaketak" eskatzeko, hala nola "pribatizazioarekin amaitzea, pribatizatutako zerbitzu guztiak leheneratzea eta gehiago inbertitzea".

Manifestazioa gaur Gasteizen. OPA.

Manifestazioa gaur Gasteizen. OPA.

Eredu-aldaketa

Bozeramailearen ustez, "eredu-aldaketa" behar da, "prebentziora eta osasunaren sustapenera bideratuko duena osasungintza" eta Lehen Mailako Arreta "indartsua, hurbilekoa, ikuspegi sozial eta genero-ikuspegiduna" lortuko duena.

Itxaron-zerrendak murriztea ere eskatu dute, "baina eremu publikoan bertan, pribatura bideratu gabe eta aparteko ordurik gabe". Ildo horretan, "profesionalen ihesa" geldiarazteko "plantilla nahikoa, egonkorra eta prekarizatu gabea" bermatu behar dela azpimarratu dute.

"Herritarrek ez dute gauzak konponduko ez dituen promesarik edo makillajerik behar, baizik eta premiazko irtenbideak egiturazko arazoentzat", adierazi du Jose Ignacio Martinezek.

Osasun sailburuaren erantzuna

Osasun sailburu Alberto Martinezek, bestalde, Telegram bidez esan du EAEko osasun-sistema "Europako publikoena" dela. Halaber, nabarmendu du martxorako 11.000 lanpostu egonkortuko direla Osakidetzan, eta beste 4.000 postu sortuko direla abendutik aurrera. Horretarako, 5.000 milioi euroko inbertsioa aurreikusi dute.

Gogora ekarri duenez, "itxaron-zerrendetako itxaronaldiak asko txikitu dira", eta Euskadik hainbat ekimen jarri ditu martxan "sendagile gabeziaren aurrean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Bilboko azken albisteak Donostiako informazioa Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gasteiz berriak Albisteak Osasun albisteak gaur Protestak gaur Sindikatuen azken ordukoa