Gizartea -
Sutea Basaurin
Basauriko sutean kaltetutako lau eraikinak erortzeko arriskuan daudela adierazi dute teknikariek
Oraindik ez dituzte argitu sutea nola piztu zen. 33 bizilagunei hotel batean eman diete ostatu, eta "aldi baterako bizitoki-irtenbidea" bermatuko diete. Batzuei, txandaka eta suhiltzaileek lagunduta, etxean sartzen utzi diete, premiazko gauzen bila.
EITB MEDIA
Atzo Basaurin su hartu zuen eraikinera eta haren ondoko beste hiru blokeetara sartu dira gaur goizean udal teknikariak eta suhiltzaileak, eta lau eraikinak erortzeko arriskuan daudela ikusi dute, Udalak jakinarazi duenez.
Atzo, ostirala, piztu zen sua, Kareaga Goikoa kaleko 5. atarian, eta 1 eta 7 zenbakidun atariei eta hutsik dagoen 3 zenbakidunari ere eragin zien. Sutearen eraginez, gizon bat hil zen, 3. solairutik behera erorita.
Gaur goizean, teknikariak suhiltzaileen eskailerak erabilita sartu behar izan dira eraikinetara, atarietako eskailerak oso egoera txarrean geratu baitira.
Hori dela eta, eraikinen egitura sakon aztertu ostean, lau eraikinak kolapsatzeko arriskua dagoela adierazi dute.
5. atariko bizilagunak ezingo dira etxera itzuli, eta, momentuz, ezta 1. eta 7. atarikoak ere, erretako eraikinaren egitura arriskutik kanpo dagoela bermatu arte. Hala ere, azken horiei txandaka sartzen utzi diete, suhiltzaileek lagunduta, premiazko gauzen bila, Udalak azaldu duenez.
Guztira 33 laguni eragin die ezbeharrak, hotel batean eman diete ostatu, eta "aldi baterako bizitoki-irtenbidea" bermatuko diete, etxera itzultzeko modurik ez duten bitartean. Alkatea Etxebizitza Sailarekin harremanetan dago "etorkizunera begira irteera bateratua" aurkitzeko.
Sua zerk piztu zuen ez dute oraindik argitu. Astelehenean berriz sartuko dira eraikinetara udal teknikariak, suhiltzaileak eta Ertzaintzako agenteak, sutea zerk piztu zuen argitzeko aztarnaren baten bila.
Eraikinaren egoera "desegokia" dela-eta Udalak azaldu duenez, jabetza pribatukoak dira eta etxejabeek dute "euren etxebizitzak egoera onean mantentzeko eta degradazioa saihesteko ardura".
Era berean, azpimarratu du azken urteetan jabeei eskatu zaiela "eskatutako gutxieneko hobekuntzak eta konponketak egiteko, higiezinak hiri-antolamendutik kanpo baitaude".
Ezer egiten ez zenez, Udalak, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa zehatz baten bidez, orube hori udal-jabetzako beste orube bati lotzea erabaki zuen, hirugarren bati saltzea ahalbidetzeko.
Sutearen eraginez kaltetu diren eraikin horiek bota, ingurua urbanizatu eta 94 etxebizitza eraikitzeko asmoa zuten.
Bizilagunek, bestalde, gertatutakoa saihesteko ezer egin ez izana egotzi diote Udalari. "Eraikina egoera oso txarrean zegoen, ez zegoen bertan bizitzeko moduan, baina behin eta berriro kexatu garen arren, inork ez du ezer egin", esan du auzoko batek ETBko mikrofonoen aurrean.
"Oso etxebizitza zaharrak dira, eta askotan gertatzen dira gauzak. Inork ez du ezer jakin nahi, eta alkateak entzungor egiten du", adierazi du beste bizilagun batek.
Halaber, gogora ekarri dute duela hilabete inguru beste sute bat izan zela, eta aldamio bat jarri zutela bertan aspaldi, eraikinetako baten aurrealdea erortzeko arriskuan zegoelako.