Gizartea -
Sutea
Gizon bat hil da eta lau pertsona erreskatatu dituzte Basauriko etxebizitza-bloke batean izandako sutean
Sugarrak 19:00ak aldera kontrolatu dituzte, baina ezbeharrak ia suntsituta utzi du eraikina. Hogei pertsonak baino gehiagok etxetik kanpo eman behar izan dute gaua.
EITB MEDIA
Gizon bat hil da gaur arratsaldean Basaurin, Kareaga Goikoa kaleko eraikin batean piztutako sutean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi dutenez, hirugarren solairutik behera bota du bere burua, garretatik ihesi. Larrialdi zerbitzuek bertan artatu dute, baina hil egin da. Ertzain bat ere artatu behar izan dute, kea arnastu baitu.
Sua 17:10 inguruan piztu da, hiru solairuko eraikin baten etxabean. Eraikinak egurrezko azpiegitura du, eta, hori dela eta, garrak azkar hedatu dira. Hainbat suhiltzaile bertaratu dira, eta emakume bat eta bi adingabe erreskatatu dituzte etxebizitza batetik, baita beste gizon bat ondoko eraikin batetik ere.
Basauriko, Uriosteko eta Derioko suhiltzaileek 19:00ak aldera kontrolatu dituzte garrak, baina suak kalte larriak eragin ditu, eta eraikina ia erabat suntsituta geratu da. Hori dela eta, hogei pertsonak baino gehiagok etxetik kanpo eman behar izan dute gaua.
Basauriko Udalak, Aldundiarekin lankidetzan, gaua pasatzeko toki bat bilatu die familia- edo lagun-sarerik ez duten bizilagunei.
Larunbat goizeko lehen orduan, udal teknikariek eraikinaren egoera aztertuko dute, eta Basauriko alkatea eta Hirigintzako zinegotzia ere bertaratuko dira.