Gizartea -
Polemika
Kritika gogorrak Karla Sofia Gasconi, aspaldiko txio arrazista eta iraingarriak argitara atera ostean
Gehienbat 2020 eta 2021 artean idatzitako argitalpen eztabaidagarriak Gasconen X kontutik ezabatuta dauden arren, oraindik ere bolo-bolo dabiltza sare sozialetan, erabiltzaile batzuek, Sarah Hagi kazetariak kasu, horietako batzuen berri eman ostean.
Agentziak | EITB Media
Karla Sofia Gasconen Oscar sarirako bideak lokaztuta jarraitzen du. Emilia Pérez filmean egindako lanagatik emakumezko aktore onenaren Oscar sarirako izendatuta dagoen aktore espainiarrak barkamena eskatu behar izan du, bere txio zahar batzuk berriro argitara atera ostean; izan ere, eduki arrazista zuten, iraingarriak ziren, eta, besteak beste, Akademiaren sarietako aniztasuna kritikatzen zuten.
Espainiar aktoreak kritika ugari jaso ditu aste honetan, I am still here filmeko protagonista Fernanda Torresen (emakumezko aktore onenaren Oscar sarirako hautagaia, hori ere) taldeko pertsona batzuei buruz eta film horri buruz esandagoengatik.
Handik gutxira, aktore espainiarra polemikaren erdian da berriro, aspaldi musulmanei buruz, George Floyden heriotzari edo Oscarretako aniztasunari buruz idatzitako txio iraingarri batzuengatik.
"Mina eragin duten sare sozialetako bere aurreko argitalpen batzuek" eragindako polemikaren berri zuela, aktoreak ohar bat zabaldu du duela ordu batzuk, barkamena eskatzeko. "Oso ondo ezagutzen dut sufrimendu hori, eta biziki sentitzen dut mina eragin izana. Bizitza osoan borrokatu naiz mundu hobe baten alde. Uste dut argia beti gailenduko zaiola iluntasunari", idatzi du bertan.
Gehienbat 2020 eta 2021 artean idatzitako argitalpen eztabaidagarriak Gasconen X kontutik ezabatuta dauden arren, oraindik ere bolo-bolo dabiltza sare sozialetan, erabiltzaile batzuek, Sarah Hagi kazetariak kasu, horietako batzuen berri eman ostean.
"Inoiz ez dut ikusi halako txio arrazistarik akademiako sari bat irabazteko kanpaina aktiboa egiten duen norbaiten partetik. Dozena bat baino gehiago daude...", zioen Hagik, iruzkin horietako batzuen irudiak erantsita.
Islama, George Floyd, Covid-19ari aurre egiteko txertoak eta Oscar sariak
"Zenbat aldiz gehiagotan kanporatu beharko ditu historiak moroak Espainiatik… Oraindik ez gara kontziente norbanakoen askatasunari eta koherentziari etengabe erasotzen dion zibilizazio horren mehatxuaz. Ez da arrazakeria kontua, islama da", zioen Gasconek zabaldutako txio batek. Beste mezu batean islama "lehenbailehen sendatu beharreko infekzio foku" gisa definitu zuen.
"Barkatu, nire irudipena da edo geroz eta musulman gehiago daude Espainian? Eskolara alabaren bila joaten naizen aldiro emakume gehiago ikusten ditut ilea estalita eta gona takoiaren altueraraino dutela. Agian datorren urtean ingelesa eman beharrean arabiera eman beharko dugu… eta arkume bat", zioen beste mezu batean.
George Floyden hilketari buruz ere aritu zen beste batean. Bertan esan zuenaren arabera, "inor gutxiri inporta izan zitzaion inoiz" Floyd bera, "drogazale iruzurgile bat". "Baina horren heriotzak agerian utzi du berriro badirela oraindik ere beltzak eskubiderik gabeko tximino kontsideratzen dituztenak eta polizia hiltzailetzat jotzen dutenak. Denak daude oker", zioen.
"Txerto txinatarrak, derrigorrezko txipaz gain, bi udaberri-biribilki, eskua mugitzen duen katu bat, plastikozko 2 lore, faroltxo zintzilikari bat, 3 telefono-linea eta zure lehen erosketa kontrolaturako euro bat dakartza", dio Gasconen txio zahar batek Covid-19ari erreferentzia eginez.
Gainera, txio haietako batzuetan badira Hollywoodeko Akademiaren sariei egindako kritika zuzenak ere. "Zinema independente eta aldarrikatzaileko sari-banaketa baten antz gero eta handiagoa dute Oscarrek; ez nekien jaialdi afrokorear bat, Blacklivesmatter manifestazio bat edo M8koa ikusten ari nintzen. Gala oso-oso itsusia izateaz gainera. Nire lehengusu herrenaren film laburrari sari bat ematea bakarrik falta izan zaie", adierazi zuen aktoreak iraganean.
"Aspaldi ez dakit Oscar sarietan zer saritzen den, kolektiboak edo zinematografia. Koloreari, sexuari eta ideologiari edo mugarik gabeko teknikariei ematen ote zaizkien sariak. Badirudi kupo etniko bat bete behar dela, eta obretan ere gertatzen da, bistan denez", zabaldu zuen beste txio batean.