Gizartea -
OSASUNA
Arabako landa-eremuan farmazia-arreta hobetzeko proiektu pilotua abiatu dute
"Botika etxean eskura" programaren helburu nagusia da medikamentuak etxean entregatzen direla bermatzea, gaixoak agindutako sendagaiak bere medikuak ezarritako jarraibideen arabera jaso ditzan.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak, Farmazialarien Elkargoarekin elkarlanean, farmazia-arreta hobetzeko "Botika etxean eskura" programa abiatu dute Arabako Mendialdean eta Añana eskualdean.
Proiektu pilotu honetan, bi eskualdeetako sei farmaziak hartuko dute parte, eta medikamentuak etxean entregatzen direla bermatzea du helburu nagusi. Gauzak horrela, gaixoak agindutako sendagaiak bere medikuak ezarritako jarraibideen arabera jasotzea erraztuko da. Halaber, medikazioaren erabilera aztertzea eta kontrolatzea aurreikusten da, sendagaien erabilerari lotutako kalteak prebenitzeko edo saihesteko.
Osasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, "ekimen aitzindari" honek landa-eremuan bizi diren pertsonen "autonomia hobetzen" lagunduko du, farmaziako profesionalak "tratu hurbila eta pertsonalizatua" emanez. Profesional horrek, gainera, bizi-ohitura osasungarriei buruzko informazioa ere emango die.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Arabako Foru Aldundiko Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamendua Sailak finantzatzen dute "Botika etxean eskura" proiektua, urtean 125.000 eurorekin; Eusko Jaurlaritzak 95.000 euroko ekarpena egingo du, eta Foru Aldundiak, berriz, 30.000 eurokoa.