Gizartea -
Hezkuntza eta Teknologia
Bigarren Hezkuntzako EAEko ikastetxeen erdiek debekatuta dute sakelakoa
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak emandako datuen arabera, Lanbide Heziketan % 30era jaisten da portzentajea, eta % 25era Bartxilergoan. Dena dela, ezein zentrok ez du erabilera librea baimentzen, eta uzten dutenek irakasleek gainbegiratuta uzten dute, helburu pedagogikoekin erabiltzeko.
Agentziak | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH, 12-16 urte) ikastetxeen erdietan debekatuta dago ikasgeletan sakelako telefonoak eta ordulari adimendunak erabiltzea. Batxilergoan (16-18 urte) leunagoa da debekua, eta zentroen % 25ean ezarri dute, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gaur jakinarazi dituen datuen arabera.
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak eman du informazioa, Gasteizen gai horri buruz egin duten jardunaldi batzuetan. "Hezkuntza eta Teknologia" saioetan, arlo akademikoko hainbat aditu bildu dira teknologia berrien inguruko hausnarketak partekatu eta horiek irakaskuntzan izan dezaketen aplikazioak aztertzeko.
Hain justu, duela urtebete Hezkuntza Sailak ikastetxeen esku utzi zuen ikasgeletan gailu elektronikoak erabiltzearen inguruko araudia garatzea. Pedrosak nabarmendu duenez, sare publiko zein itunpekoko ikastetxe guzti-guztiek arautu dute gaia, eta "bakar batek ez du askatasuna eman gailuok erabiltzeko".
Batzuek, DBHko zentroen % 50ek eta Bartxilergokoen % 60k, erabiltzeko baimena ematen dute, betiere irakasleen zaintzapean eta helburu pedagogikoekin. Lanbide Heziketan, berriz, % 70era igotzen da portzentajea.
Lehen Hezkuntzan (6-12 urte), berriz, gutxienekoak dira (% 15) mugikorren erabilera baimentzen dutenak helburu pedagogikoekin eta gehiengo zabal batek (% 85) guztiz galarazita ditu.