Gizartea -
Trafikoa
Trafiko-istripuek 24 hildako eragin zituzten 2024an Nafarroan, 2023an baino 8 gehiago
Errepidean hildakoen kopurua % 71 hil da azken bi hamarkadatan. Hain zuzen, 20 urte hauetan hildako gutxien egon diren hirugarren urtea izan da 2024a. Zauritu larriak 160 izan ziren, iaz baino % 13 gehiago.
EITB Media
24 pertsona hil ziren 2024an Nafarroan trafiko istripuetan, 2023an baino 8 gehiago. Orduan 16 hildako zenbatu ziren.
Hala ere, bide-istripuetan hildakoen kopurua % 71 murriztu da azken 20 urteetan; 2004ko 83tik iazko 24ra. Azken hamarkadako datuak begiratuta, berriz, jaitsiera % 41ekoa izan da. 2014an 41 pertsona hil ziren.
Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko Barne, Funtzio Publiko eta Justizia sailburuak adierazi duenez, trafiko-ezbeharretan hildakoen kopuruak "beheranzko joera" dauka, Trafikoko arduradunek jaso dituzten datuen arabera, nahiz eta urteroko gorabeherak badauden.
2024 azken bi hamarkadetan errepideetan heriotza gutxien izandako hirugarren urtea izan da, 2023 eta 2020ren atzetik. Horietan 16 eta 20 biktima izan ziren, hurrenez hurren. Hala eta guztiz ere, Nafarroako Gobernuaren aburuz, bizitza bakarra galtzea "onartezina" da.
Istripuetan hildako gehienak ibilgailuak gidatzen ari ziren pertsonak ziren, zehazki 24tik 22. Beste biak autoan zihoazen baina ez gidatzen.
Ibilgailu-motari dagokionez, 14 autoan zihoazen, 3 motorrean, 2 kamioi-gidariak ziren, beste bi bizikletan zihoazen pertsonak eta hiru beste ibilgailu mota batean zihoazen.
Era berean, 2024an, 160 pertsona larriki zauritu ziren trafiko-istripu baten ondorioz. Datua 2023koa baino % 13 altuagoa da, orduan 142 pertsona zauritu baitziren.