Gizartea -
Indarkeria Matxista
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, bikotekidea seme-alaba adingabeen aurrean buruan jotzeagatik
Gizonak erasoa gertatu zen etxetik alde egin du, eta Arabako hiriburuko Udaltzaingoak aurkitu du.
Agentziak | EITB MEDIA
Gasteizko Udaltzaingoko agenteek 44 urteko gizon bat atxilotu dute bart gauerdian, genero-indarkeria delitu batengatik. Bikotekideari eraso egitea egotzi diote, seme-alaba adingabeen aurrean hura buruan jo zuelakoan.
Ohar baten bidez Udalak jakinarazi duenez, gauerdia baino minutu batzuk lehenago emakume batek laguntza eskatu du 092 zenbakira egindako dei batean, baina ez du adierazi non zegoen. Ikerketa batzuk eginda, deia zein etxetatik egin den jakitea lortu dute agenteek eta inguruko patruila bati deitu diote, bertara zedin.
Hara iritsitakoan, agenteek elkarrizketa bat izan dute laguntza eskatu duen emakumearekin, eta hark adierazi dienez, minutu batzuk lehenago eztabaida izan du senarrarekin, eta hark buruan jo du, seme-alaba adingabeen aurrean.
Gizonezkoa ez zegoen etxean agenteak iritsi direnean, erasoaren ondoren alde egin baitu, eta, haren atzetik atera dira seme-alabak ere. Minutu batzuk geroago, beste patruila batek Madril kalean aurkitu du. Bi bertsioak eta seme-alabenak entzun ondoren, eta emakumeak zituen zauriak ikusita, agenteek ustezko erasotzailea atxilotu dute. Emakumea ospitalera eraman dute.