Gizartea -
EGURALDIA
40 litro euri baino gehiago pilatu dira eta 130 km/h-ko haize-ufadak ibili dira gaur goizean
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horiak ezarri ditu euriagatik, haizeagatik eta olatuengatik, eta azken fenomeno hori dela eta alerta laranja ezarri dute.
EITB Media
Denboraleak metro koadroko 45 litroko prezipitazioa utzi du Mallabian eta 42 litro pilatu dira Zegaman, 11:00ak arte. 129 km/h-ko haize-boladak izan dira Matxitxakon eta 123 km/h-koak, Jaizkibelen.
Haizeguneak ez diren lekuetan ere haizeak 100 km/h-ko abiadura gainditu du, hala nola Bidanian eta Arrasaten (105 km/h); Arteagan, Ordunten eta Zizurkilen, berriz, 89 km/h-ko abiaduran ibili da haizea, eta Mungian, 85 km/h-koan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, abisu horiak daude indarrean ostegun honetan, euriagatik, haizeagatik eta olatuengatik. Egun osoan, gaueko hamabiak arte, abisu horia egongo da indarrean prezipitazioengatik; izan ere, baliteke 24 orduan metro koadroko 60 litro baino gehiago pilatzea Kantauri isurialdeko zenbait puntutan.
Haizea lehenago apalduko da. Haizeagatik ezarritako abisua aktibatuta egongo da arratsaldeko hirurak arte, ipar-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h baino abiadura biziagoan ibiliko direlako haizeguneetan eta 70 km/h-80 km/h artean haizeguneak ez direnetan. Arratsaldeko hirurak arte alerta laranja egongo da indarrean itsasaldeko arriskuagatik, bost eta sei metro arteko olatuak altxatuko baitira.
Olatu altuenak Pasaian altxatu dira, 6,2 metrora ere iritsi dira. Bihar, ostirala, baretu egingo da egoera, eta abisu hori bakarra izango da: 05:00etatik 07:00ak arte kostaldean izango omen da arriskua, 3,5 metro inguruko olatuak harrotuko baitira.