Gizartea -
TXOTX DENBORALDIA
"Gure etxean zaude: zaindu", Astigarraga eta Hernani txotx garaian bisitan doazkienei mezua
Masifikazioarekin eta portaera desegokiekin amaitu nahi dute, eta aurtengo kanpainaren aurkezpenean esan dutenez, denboraldiak urtarriletik apilera izaten jarraituko badu ere, "sagardoaren kultura urte osora zabaldu" nahi dute.
EITB MEDIA
"Gure etxean zaude: zaindu" leloa du Astigarraga eta Hernaniko udalek gaur aurkeztu duten txotx denboraldiaren kanpainak. "Zaindu" eta "errespetatu", bi aditz horiek nabarmendu dituzte bi udalerrietako arduradunek, eta beste behin gogora ekarri dute urte osoan dagoela sagardoaren kulturaz gozatzeko aukera.
Izan ere, urtarriletik apirilera arte irauten du txotx denboraldiak, eta adierazi dute nagusiki larunbatetan izaten den masifikazioa ez dela jasangarria. Arduraz jokatzeko deia egin dute, bertakoak errespeta ditzaten.
Mahai gainean dute larunbatetako autobusei mugak jartzea. Hernanin, esaterako, 89 zenbatu izan dituzte egun bakarrean.
Parranda testuinguruan erasoetarako arriskuak areagotzen direla eta, bi udalek eraso matxisten aurkako protokoloa dute martxan, besteak beste, telefono arreta bateratua ostiraletik larunbat bitarte, denboraldian zehar.
Azpimarratu dutenez, Hernaniko eta Astigarragako herritarrek sentitzen dute euren herrietatik "kanporatzen" dituztela otsailaren erdialdetik apirilaren erdialdera edo amaierara arte, fenomeno horrek dakarren "masifikazioa" dela eta. "Bisitari asko etortzeak, noski, ohiko garbiketa- eta garraio-zerbitzuak mantentzeko diru-partida handiak eskatzen dizkigu", salatu dute.
Horregatik, udal arduradunek azaldu dute egoera horri buelta emateko lanean ari direla, adibidez, bi alkateak beste erakunde batzuekin eta sagardoaren sektorearekin bildu dira eta harremanetan daude txotx garaian "masifikazioak" sortzen dituen arazoei irtenbideak bilatzeko. "Sagardoaren kulturari balioa eman nahi diogu, baina urte osoan zehar, eta horrek urtarokotasuna galtzea eskatzen du", azpimarratu dute.