Gizartea -

EGURALDIA

6,2 metroko olatuak neurtu dituzte Pasaian eta 100 km/h-tik gorako haize boladak, Karrantzan eta Bermeon

Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du nabigazio arriskuagatik, egun osorako. Halaber, abisu horia indarrean dago 100 km/h-tik gorako ufadak izango baitira Bizkaian eta Gipuzkoan.

Olatuak Donostiako Pasealeku Berrian. Argazkia: EFE
Olatuak Donostiako Pasealeku Berrian

Olatu erraldoiek Donostiako Pasealeku Berriaren aurka jo dute

0:26

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunetan Euskal Herria astintzen ari den Herminia denboraleak 6 metrotik gorako olatuak eta orduko 100 kilometrotik gorako ufadak eragin ditu astearte honetan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldutako datuen arabera, 6,2 metroko olatua neurtu dute Pasaiako portuan. Haizeak gogor jo du, bereziki, Bizkaian, 105 km/h-ko eta 104 km/h-ko abiadura gainditu baitu, Karrantzan eta Bermeon, hurrenez hurren.

Gaur, asteartea, alerta laranja ezarri du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, nabigazio arriskuagatik, egun osorako. Eguraldi iragarpenaren arabera, 5 metrorainoko olatuak altxa daitezke.

Gainera, itsasaldeko arriskuagatik abisu horia indarrean egongo da, 15:00etatik 17:00etara. Eguneko bigarren itsasgora 16:10ean izango da. Halaber, Meteofrancek abisu horia ezarri du Ipar Euskal Herria barne hartzen duen Pirinio Atlantikoetan, itsasoak kostaldean izan dezakeen eraginagatik.

Horrez gain, Donostiako Babes Zibilak alerta laranja ezarri du, olatuak direla eta, eta hainbat neurri hartuko dituzte hirian, gaur eta bihar: oinezkoak eta ibilgailuak ezin izango dira Pasealeku Berrira sartu, eta Leizaola Pasealekura eta Haizearen Orrazira sartzea ere debekatuta egongo da.

Bestalde, Belharra olatu mitikoa altxatu da egunotan Zokoan (Lapurdi).

Belharra olatu ikusgarria Lapurdiko kostaldera itzuli da
Belharra olatu ikusgarria Lapurdiko kostaldera itzuli da

Belharra olatu ikusgarria Lapurdiko kostaldera itzuli da

0:41

Halaber, 18:00ak arte abisu horia egongo da indarrean Bizkaian eta Gipuzkoan, haizea dela eta. Hego-ekialdetik joko dute haize-boladek gaurkoan, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako toki haizetsuetan 100 km/h-ra helduko dira.

Gainerakoan, hoztera egingo du eguraldiak. Eguneko tenperaturak asko jaitsiko dira, baita elur-kota ere; tarteka, 1.000 metro ingururaino. Zerua estalita egongo da, eta euria ere egingo du, bereziki eguerditik aurrera eta kostaldean. Ekaitzak ere joko du zenbait lekutan. Tenperatura minimoak asko jaitsiko dira, eta hotza izango da eguratsa, barnealdean gehien bat.

Zarautz eta Zumaia arteko kostako errepidea, zabalik

Goizaldean olatuengatik Zarautz eta Zumaia arteko kostako errepidea (N-634) itxi egin behar izan badute ere, goizeko lehen orduan ireki dute.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 07:40an zabaldu dute berriro errepidea.

Bestalde, asteartera arte itxita egongo da N-634 errepidea Deba parean, lur jausi bat dela eta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Loiuko Aireportuko Azken Ordukoak Zer gertatu da Bizkaian? Denboraleak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak