Gizartea -

OSASUNA

Osakidetzak odola emateko deia egin die herritarrei, Gabonen ostean erreserba mailak behera egin du eta

Eskaera egiteko zabaldutako oharrean, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak azaldu du odola ematea dela egunero "200 pertsona ingururen bizi-tratamendurako funtsezko osagaiak eta sendagaiak lortzeko modu bakarra" EAEn.

Odol-emate baten artxiboko irudia. Argazkia: EITB Media
Odol-emate baten artxiboko irudia.

Odol-emate baten artxiboko irudia. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Odol-osagaien erreserben ohiko maila baino eskasagoa da EAEko ospitaleetan, Gabonen ondoren beti gertatu ohi den bezala. Odol-talde guztietan daude erreserbak behar den mailatik behera. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak odola emateko deia egin diete herritarrei.

Deialdia egiteko zabaldutako oharrean, Osakidetzak zehaztu du noizbait odola eman duten pertsonei zein urratsa ematea pentsatu baina oraindik egin ez dutenei zuzenduta dagoela eskaria, "behar duten paziente guztien arreta medikoa bermatzeko".

Ildo horretan, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak (TGEEZ) gogorarazi du odola emateak jarraitzen duela izaten "transfusiorako edo plasmatik eratorritako sendagaiak egiteko osagai ugari lortzeko modu bakarra, "ezinbestekoak" dira osasun zentroen eguneroko jardueran. 

Odola emateko bete beharreko baldintzak zeintzuk diren ere gogoratu dute oharrean: 18 eta 65 urte bitarteko adina izatea, osasun egoera onean egotea, eta 50 kilo baino gehiago pisatzea. Odola emateko guneei eta ordutegiei buruzko informazioa, berriz, Euskadiko Odol Emaileen webgunean eta sare sozialetan aurki daitekeela erantsi dute.

Iaz, 47.000 pertsona inguruk eman zuten odola EAEn. Orotara, 79.032 donazio egin ziren, eta horrek 30.000 pertsonari lagundu zien, "haien bizitza salbatuz edo haien osasuna hobetuz".

TGEEZ zentroaren arabera, odola ematen den aldiro "dozenaka pertsonari" lagundu ahal zaie. "Odola hainbat osagaitan banatzen da, eta, osagai horien bidez, hainbat behar mediko artatzen dira: tratamendu onkologikoak, ebakuntza kirurgikoak eta larrialdiak, eta paziente kronikoentzako sendagaiak". 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Galdakao-Usansolo Ospitalea