Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Mario Lopezen kontrako epaiketa epaiaren zain geratu da, akusazioek 14-18 urteko kartzela eskaerari eutsita

Adin txikiko neskato bati sexu eraso jarraitua egiteagatik epaitu dute Gernika taldeko entrenatzaile ohia. Lopezek azken alegatuan nabarmendu duenez, neskatoarekin "kariño eta errespetuzko harremana" zuen.

Mario Lopez saskibaloi entrenatzaile ohia, gaur, Auzitegira iristen. Argazkia: EITB Media
Mario Lopez saskibaloi entrenatzaile ohia, gaur, Auzitegira iristen.

Mario Lopez saskibaloi entrenatzaile ohia, gaur, Auzitegira iristen. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Epaiaren zain geratu da gaur Bizkaiko Lurralde Auzitegian Mario Lopez Gernika saskibaloi taldeko entrenatzaile ohiaren aurkako epaiketa. 13 urteko adin txikiko neskato bati modu jarraituan sexu erasoak egitea leporatu diote Lopezi. 

Hirugarren eta azken saioa izan du epaiketak, eta aldeek euren zigor eskaerei eutsi diete. Hala, Fiskaltzak 14 urteko espetxe-zigorra eskatu du akusatuarentzat, baita 10 urtean zehar biktima bizi den lekura hurbiltzeko debekua eta 20.000 euroko kalte-ordaina ere. Akusazio partikularrak, berriz, 18 urteko espetxe-zigorra eta 150.000 euroko kalte-ordaina galdegin du. Defentsak, azkenik, absoluzioa eskatu du.

Gaurko saioan azkenekoz hitza hartzeko eskubidea baliatu du Lopezek. Horren esanetan, "kariño eta errespetuzko harremana" zuen neskatoarekin.

Asteartean abiatu zen epaiketa, eta saioak ateak itxita egin dituzte, biktimaren intimitatea bermatzeko. Lehendabizikoan, akusatuak, biktimak —bionbo batek babestuta eman zuen lekukotza— eta hura tratatzen duen psikiatrak deklaratu zuten. Epailearen aurreko bere deklarazioan, Lopezek adierazi zuen "harreman platonikoa" izan zuela neska adingabearekin, "sexu-harremanik gabekoa".

Atzoko saioan, berriz, biktimaren dozena bat taldekide ohik, Gernika saskibaloi taldearen entrenatzaileek eta zuzendariek, Epaileen Federazioaren ordezkariek eta Mario Lopezen emazte ohiak deklaratu zuten.

Biktimari trauma osteko estresa diagnostikatu zioten, eta laguntza psikologikoa behar izan du. 2023ko abenduan salatu zuen entrenatzaile ohia. Fiskaltzaren arabera, 1998ko uztailetik —entrenatzaileak 31 urte zituen orduan, eta biktimak, 13— 2001era arte, "aitzakiak jarrita", bere etxera eramaten zuen neska entrenatzaileak. Han, Lopezek sexu-erasoak egiten omen zizkion biktimari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Bizkaia Gernika-Lumo Epaiketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Lointek Gernika Bizkaia Sexu erasoak