Gizartea -

Gaixotasunak

Gripearen eragina bikoiztu egin da EAEn, baina kasu larrien ospitaleratzeek behera egin dute

Urteko bigarren astean, urtarrilaren 6tik 12ra bitartean, 80,2 gripe-kasu izan ziren 100.000 biztanleko, eta urteko lehen astean, berriz, 47,7 kasu.

Basurtu Ospitaleko kontsultak. Irudia: EITB
Basurtu Ospitaleko kontsultak. Irudia: EITB

Basurtu Ospitaleko kontsultak. Irudia: EITB

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gripeak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) izan duen eragina ia bikoiztu egin da aurreko astearekin alderatuta, baina kasu larriengatiko ospitaleratzeak jaitsi egin dira, iazkoen azpitik baitaude.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren azken txostenaren arabera, urteko bigarren astean, urtarrilaren 6tik 12ra bitartean, 100.000 biztanleko 80,2 gripe-kasu izan ziren, eta urteko lehen astean, berriz, 47,7.

Bestalde, bi urtetik beherakoen bronkiolitis-tasa 641,3 kasutik 420,3ra jaitsi zen. Covida egonkor mantendu zen balio oso baxuetan (1,9 kasu eta 1,6 aurreko astean).

Epidemiak goia joko du datorren astean

Osasun Sailak adierazi duenez, "datu horiek baieztatzen dute gripearen jokabidea ohikoa dela, garai honetan eragin handia duela, eta datorren astean goia jotzea aurreikusten dela".

Intzidentzia handi hori gorabehera, birusak "ez du larritasun berezirik azaltzen, neurri handi batean", Osasun Sailaren ahotan, "txertoari esker", txertaketa % 4 baino gehiago hazi baita, 531.722 dosirekin.

Izan ere, gaur argitaratutako txostenaren arabera, Arnas Infekzio Larrien tasa murriztu egin da Osakidetzako ospitaleetan, urteko lehen astean 100.000 biztanleko 29,4 kasu izatetik bigarrenean 27,2 izatera igaro baita.

Era berean, intzidentzia handia izan arren, ospitaleratzeen kopurua aurreko ekitaldietakoa baino txikiagoa dela egiaztatu da, baina adierazle hori epidemiaren puntu gorena hurbiltzen den neurrian haziko dela aurreikus daiteke.

Baliabide gehiago

Horrenbestez, Osasun Sailak "guztiz aktibo" mantenduko du abenduaren hasieratik aurreikusitako baliabide gehigarrien dispositiboa, egon daitezkeen arreta premiei aurre egiteko. Errefortzu horrek, lehen mailako arretan zein ospitalekoetan, 508 ohe gehiago aurreikusten ditu ospitaleratzeetarako. Zentzu horretan, dagoeneko 338 ohe jarri dira: 34 Araban, 133 Gipuzkoan eta 171 Bizkaian.

ELAk, ostera, "Osakidetzak ospitaleratzeak eta ohiko jarduera kirurgikoak etetea" agindu duela salatu zuen urtarrilaren 9an, ohar batean. "Ospitale-ohe gehiago ireki arren, asistentzia murriztu egin da, baldintzak prekarizatu egin dira eta langileen eta gizartearen osasuna arriskuan jarri da", kritikatu zuen sindikatu abertzaleak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Gripea Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak