Gizartea -
Epaia
8 urteko kartzela zigorra, adin txikiko neskato bati sexu erasoa egiteagatik
Arabako Auzitegiak bi astungarri ezarri dizkio: berrerortzeagatik, aurretik antzerako delituengatik bi aldiz zigortu zutelako, eta delitua egiteko ezkutuko leku bat bilatzeagatik.
EITB Media
Arabako Auzitegiak zortzi urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati Gasteizen 11 urteko neskato bat modu ilegalean atxikitzeagatik eta sexu erasoa egiteagatik. Epaia ezartzean bi astungarri ere hartu ditu kontuan: horietako bat berrerortzeagatik, aurretik bi aldiz zigortu baitzuten antzeko delituengatik, eta bestea, delitua egiteko berariaz leku ezkutu bat bilatu zuelako.
Auzitegiak probatutzat eman dituen gertakariak 2023ko urriaren 13an gertatu ziren, 19:50 aldera. Argitaratutako oharrean zehazten denez, zigortuak neskatila "engainuen bidez, autoan eraman zuen urrutiko gune batera eta, autoan atxiki ondoren, biluzten saiatu zen eta ikutuak egin zizkion".
Auzitegiaren aburuz, ahozko bistan egikaritutako frogak "nahikoak dira" akusatuaren "errugabetasun-presuntzioaren efektu babeslea bertan behera uzteko". Aretoak baieztatu duenez, ez dago adin txikikoaren "sinesgarritasuna zalantzan jartzeko arrazoirik" eta gainerako testiguen deklarazioek biktimaren testigantza berresten dute.
Sententziaren arabera, biktima biluztea lortu ez bazuen ere, akusatuaren ekintzek "zalantzarik gabe izaera eta intentzionalitate sexuala" zuten. Beraz, ebatzi du "azken asmoa ez betetzea" ez dela "gauzatze-maila osatu gabe geratzea" eta egindakoa delitua zela.
Horrez gainera, auzitegiak larderia egon zela uste du; "11 urteko neskatoa 46 urteko gizon batek atxiki zuelako" eta astungarritzat hartu du akusatuak "urrutiko gune bat berariaz" bilatu izana, "jede gutxi ibiltzen da bertan, iluna da, baso-izaerakoa; horrela, biktimak laguntza jasotzeko aukerak urritu zituen, eta bere babesgabetasun-egoera handitu egin zuen".
Berrerortze astungarriari buruz, berriz, epaitegiak gogorarazi du gizona bi aldiz zigortu dutela antzeko delituengatik: alde batetik, Iruñeko epaitegi batek sexu abusuak egiteagatik zigortu zuen eta, bestetik, Errioxako Auzitegiaren zigor bat ere badauka, sexu-erasoengatik.
Zortzi urteko kartzela zigorraz gainera, horren ondoren indarrean sartuko den bost urteko zaintzapeko askatasuna ezarri dio epaitegiak, eta biktimari 10.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio. Horrez gainera, 9 urtez, biktimarengandik 200 metrora gerturatzea eta harekin komunikatzea debekatu dizkio.
Epaia ez da irmoa eta errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian.