Gizartea -
Istripua
Zazpi pertsona zauritu dira Gasteizen, tranbiak eta mikrobus batek elkarren kontra talka eginda
Florida eta Salburua arteko tranbiaren zerbitzua hiru orduz geldituta egon da eta arratsalde erdian jarri dute martxan berriro.
EITB Media
Zazpi pertsona zauritu dira asteazken arratsaldean Gasteizen, tranbiak eta mikrobus batek elkarren kontra talka eginda. Florida eta Salburua arteko tranbiaren zerbitzua bertan behera geratu da hiru orduz, eta arratsalde erdian jarri dute berriz ere martxan.
Istripua 14:15ean inguru jazo da, Salburuako bulebarrak eta Varsovia etorbideak bat egiten duten tokian, La Union eta Nikosia geltokien artean, ikertzen ari diren arrazoiengatik.
Zauritutako zazpi pertsonetatik bost Txagorritxuko ospitalera eraman behar izan dituzte, zauriak sendatzeko. Mikrobusean zihoazen lau pertsona eta gidaria dira. Beste bi zaurituak istripuaren lekuan bertan artatu dituzte osasun-langileek.
Talkaren ondorioz, mikrobusa errepidean iraulita geratu da eta tranbia errailetik atera da.
Hainbat anbulantzia, udaltzaingoa eta suhiltzaileak bertaratu dira istripua izan den lekura, eta autobuseko bidaiariei ibilgailutik irteten lagundu diete.
Arabako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, autobusean Indesako garbitegian lan egiten duten langileak zihoazen, desgaitasunen bat duten lagunei lana ematen dien Arabako Foru Aldundiaren partaidetza duen irabazi-asmorik gabeko elkartea.