Gizartea -
NAFARROA
88 pertsona ospitaleratu dituzte gripeak jota Nafarroan azken astean, arnas aparatuko birusen gorakada betean
Arnas aparatuko birusen intzidentzia "altua" da Nafarroako Osasun Publikorako Institutuak zabaldu duen azken txostenaren arabera.
EITB Media
Arnas aparatuko birusen zirkulazioak gora egiten jarraitzen du Nafarroan, eta azken astean (urtarrilaren 6tik 12ra) 88 pertsona ospitaleratu dituzte gripeak jota, Nafarroako Osasun Publikorako Institutuak zabaldu duen azken txostenaren arabera.
Oro har, arnas birusen intzidentzia "altua" da, Nafarroako Osasun Publikorako Institutuaren esanetan. Arnas aparatuko infekzioen tasa 1.069 kasukoa da 100.000 biztanleko eta gripearen (242 kasu-100.000 biztanleko), covidaren (2 kasu-100.000 biztanleko) eta pneumoniaren (19 kasu-100.000 biztanleko) intzidentzia apalagoa da.
Gripe kasuek adin tarte guztietan egin dute gora, eta heldu gazteei ari zaie eragiten, batik bat. Guztira, 173 gripe kutsatze antzeman dira eta 88 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte.
Horrez gain, arnas birus sintzitialarekin kutsatuta 36 pertsona gehiago erregistratu dituzte, eta covidak jota hiru pertsona ospitaleratu behar izan dituzte.
Gripearen intzidentzia oraindik ere hazten ari bada ere, garaiaren araberakoa izaten ari dela nabarmendu du Nafarroako Osasun Publikorako Institutuak eta ospitaleratze kopurua "moderatua" izaten ari dela. Halaber, hotzeria eragiten duen arnas birus sintzitiala beherazko fasean dagoela azpimarratu dute, eta covid kasuak noizbehinka hautematen direla.
Aurten, gripearen aurkako txertoaren eraginkortasuna % 60-70 artekoa izaten ari da kutsatzeak eta ospitaleratzeak saihesteko, lehen estimazioen arabera. "Eraginkortasuna altua da, baina ez du erabat kutsatzea eragozten", gaineratu du.