Gizartea -
MIOPIA
Haurren miopia: etengabe gora egiten ari den mundu mailako pandemia
Miopiaren prebalentzia nabarmen ari da handitzen mundu osoan. Gaur egun, munduko biztanleen % 30 miopeak dira, eta 2050ean % 50era iritsiko dela uste da, 5 bilioi pertsonari eragingo omen die. Asiako hego-ekialdea dago pandemia horren lehen postuan.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Haurren miopia nabarmen ari da handitzen azken boladan. Datuen arabera, 6 eta 19 urte bitarteko haurren % 40 inguru miopeak dira. Adituen artean kezka nagusia da, ez soilik kopurua asko ari delako areagotzen, baizik eta gero eta lehenago atzematen zaielako miopia haurrei. Aurreikuspenen arabera, hazkundea eteteko zerbait egin ezean, 2050erako munduko biztanleen erdiek miopia izango dute.
Miopia da mundu mailako akats errefraktiborik ohikoena, eta azken hamarkadetan osasun publikoko arazo garrantzitsu bihurtu da. Asia ekialdeko eta hego-ekialdeko herrialde garatuetan, hala nola Singapurren, Txinan, Taiwanen, Hong Kongen, Japonian eta Korean, miopiaren prebalentzia azkar handitu da azken 50-60 urteetan, bereziki gazteen kasuan. Hala ere, aldaketa horiek ez dira soilik Asiara mugatzen, Ipar Amerikan eta Europan ere nabarmen ari baita handitzen miopiaren prebalentzia.
Faktore genetikoak miopiaren garapenean garrantzi handia badu ere, denbora tarte txikian intzidentzia horrenbeste igotzeak gero eta argiago adierazten du ingurumen-faktoreek duten inportantzia, batez ere dugun bizimodua kontuan hartuta.
Izan ere, gero eta gutxiago egiten ditugu aire zabaleko ekintzak, eta, aldiz, etxean eta gertutik egin beharreko jarduerak egiten gero eta gehiago, besteak beste, ikasten, irakurtzen eta gailu elektronikoak erabiltzen.
Nafarroako Unibertsitate Klinikako Oftalmologia Departamentuak berriki argitaratutako ikerketa batek ondorioztatu du, kuantitatiboki, eguzkitan egoteak miopia garatzea eragozten duela. Ikerketzaileek CUVAF biomarkatzailearen eremua neurtu dute, begiko erradiazio ultramorearekiko esposizioak eragindako orban bat begi-gainazalean. Ondorioztatu dutenez, begi-arazo hori ez duten pazienteen orban hori handiagoa da.
Miopia gero eta ohikoagoa da, eta haurtzaroan eta nerabezaroan gara daiteke, baina helduaroan ere ager daiteke. Gaur egun, betaurrekoekin, ukipen-lenteekin eta kirurgia errefraktiboarekin zuzendu ohi da, laser kirurgiarekin, adibidez.