Gizartea -

EZBEHARRA NAFARROAN

Noaingo gas leherketan zauritutakoetako seik erietxean jarraitzen dute

Bi lagun ZIUn daude, baina euren bizia "ez dago arriskuan", alkateak jakinarazi duenez. Bien bitartean, etxetik irtenarazitako 250 pertsonetatik "ahalik eta gehienek gaur bertan" etxera itzultzeko aukera izan dezaten lanean ari dira agintariak.

Horrela geratu da eraikinetako bat. Argazkia: EFE
Horrela geratu da eraikinetako bat.

Horrela geratu dira Noaingo gas-leherketak kaltetutako etxebizitzak

0:37

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo arratsaldean Noainen (Nafarroa) gas ihes batek erangindako leherketa handian zauritutako sei pertsonak ospitalean jarraitzen dute. Horietako bi Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) dituzte, egoera larrian.

Guztira, bederatzi pertsona zauritu ziren ezbeharrean, eta zazpi erietxeratu behar izan zituzten. Dena dela, batek sendagiria jaso du azken orduetan. Gainera, Sebastian Marco Noaingo alkateak zehaztu duenez, sei zauritutakoen "bizia ez dago arriskuan".

Bestalde, Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko Barne kontseilariak jakinarazi duenez, euren etxeetatik irtenarazitako 250 pertsonetatik —30 atari eta 100dik gora etxebizitzatako lagunak— "ahalik eta gehien, lehenbailehen, ahal dela gaur bertan" etxera itzultzeko lanetan ari dira agintariak.

Euren "lehentasuna" hori izanik ere, batzuen bueltak luze joko du, etxebizitza batzuk "guztiz hondatuta" baitaude.

Barne kontseilariak eta Noaingo alkateak agerraldia egin dute ezbeharraren lekuan, eta bertan eman dituzte azken datuok.

Zauritutakoen egoera

Larri zauritutakoen artean, 22 urteko gizon bat eta 13 urteko adingabe bat daude, biak ala biak ZIUn. Gainerakoan, egonkor daude zauritutako lau pertsona: 49 urteko emakume bat eta 57, 54 eta 57 urteko hiru gizonezko. 

Beste bati, 58 urteko gizonezko bati, alta eman diote gaur.

Bestalde, bi pertsona Noaingo osasun-zentroan artatu behar izan zituzten antsietateak jota eta kea arnasteagatik. Atzo bertan eman zieten sendagiria.

100 etxebizitza baino gehiago hustuta

Euren etxeetatik irtenarazitako 250 pertsonei dagokionez, gehienek senitarteko eta lagunen etxean eman dute gaua, eta gainerakoei Noaingo eta Orkoiengo bi hoteletan eman diete ostatu. Oraingoz ez dakite noiz utziko dieten etxera buelta egiten.

Ziurgabetasuna Noaingo bizilagunen artean: 'Ez dakigu noiz itzuli ahal izango garen etxera'
Ziurgabetasuna Noaingo bizilagunen artean: 'Ez dakigu noiz itzuli ahal izango garen etxera'

Ziurgabetasuna Noaingo bizilagunen artean: 'Ez dakigu noiz itzuli ahal izango garen etxera'

0:47

Bizilagunei etxebizitzetara sartzen utzi diete goizean, tarte batez, gauzak hartzeko. Orain, baina, debekatuta dago sarbidea, polizia judiziala frogak biltzen baitago.

Leherketak "hainbat lekutan"

Arratsaldeko lehen orduan, 15:30 aldera, segurtasun-dispositibo bat jarri zuten Zabalegi Kontzejuaren kalean, etxebizitza batean gas-ihesa eta leherketa txiki bat izan zirelako.

Bizilagunak etxeetatik atera zituzten; gertakari hartan ez zen inor zauritu eta kalte material gutxi izan ziren.

Ondoren, argitu gabeko arrazoiengatik eta "ezustean" beste leherketa bat izan zen 18:10ean. Bigarren leherketa hori "bortitza" izan zen, alkatearen esanetan, eta "beste puntu batean" jazo zen.

Eztandak bete-betean harrapatu zituen etxebizitzetara gauzak jasotzera joandako bizilagunak. Alkateak azaldu duenez, "oraindik ez dakigu non gertatu zen ihesa, baina oso arraroa da hainbat leherketa izan zirelako hainbat lekutan".

Etxera itzultzeko baimena nork eta zergatik eman zuen galdetuta, Barne kontseilariak "errespetua eta zorroztasuna" eskatu du ikerketarekiko. "Ez genekien heriotza arriskua zegoenik", nabarmendu du, bestela ez zuketelako sartzeko baimena emango.

Are gehiago, kontseilariaren ustez, esku hartzearen "azkartasuna gako" izan zen biziak salbatzeko. Aitortu duenez, "leherketak oso handiak izan ziren, eta kaltetutako pertsonak genituen barruan; tentsio eta arrisku biziko uneak izan ziren"

Bigarren eztanda horrek kalte handiak utzi zituen eraikinetako batean, eta fatxada ia guztiz etorri zen behera. Ordutik, kaltetutako eremua zigilatuta dago, gas eta argindar hornidurarik gabe.

Horrela geratu da eraikinetako bat. EFE

Horrela geratu da eraikinetako bat. EFE

Foruzaingoa eta Guardia Zibila batera ari dira istripuaren arrazoiak ikertzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Suteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Suhiltzaileak Noain