Gizartea -

DELITUAK

Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu Eibarren, pertsonen legez kanpoko trafikoa leporatuta

Errepide kontrol batean gelditutako furgoneta baten barruan hamaika pertsona zihoazen, gehieneko edukiera bederatzikoa izan arren. Antza denez, bidaiariak lan kontuengatik beste norabait eramatea zen helburua.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu bart Eibarren, errepide kontrol batean, pertsonen legez kanpoko trafikoa egotzita. Furgoneta baten barruan hamaika pertsona zihoazen, ibilgailu mota horren gehieneko edukiera bederatzikoa izan arren.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez, 01:42 aldera Portugaleko matrikula duen furgoneta bat geldiarazi dute.

Furgonetaren gidariak hamaika pertsona zeramatzan ibilgailuaren barruan, gehieneko edukiera baino bi gehiago —bat maletategian eta beste bat atzeko eserlekuen artean etzanda— "osasungarritasun-egoera txarrean". Atzeko eserlekuetako pertsonek ez zuten dokumentaziorik soinean, eta janari-hondarren, arropen eta gernuz betetako botilen artean zihoazen.

Segidan, Ertzaintzak gidaria eta kopilotua identifikatu ditu: Portugalen bizitzeko baimena duten 25 urteko bi gizon indiar. Horietako batek, gainera, aurrekariak ditu pertsonen legez kanpoko trafikoagatik.

Segurtasun Sailak zabaldutako informazioaren arabera, bidaiaren arrazoiaz galdetuta, atxilotuek modu inkoherentean erantzun diete agenteen galderei. Gainerako bidaiariak ere indiarrak dira eta lan kontuengatik beste norabaitera bidean zihoazela azaldu dute.

Hori guztia dela eta, gidaria eta kopilotua atxilotu dituzte, pertsonen legez kanpoko trafikoa leporatuta. Atxilotuak eta gainerako bidaiariak ertzain-etxera eraman dituzte, gertaturikoa argitzeko. Behin izapideak amaitu ondoren, atxilotuak epailearen esku utziko dituzte. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Eibar albisteak Delituak bideoak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea