Gizartea -

Trafikoa

Goiz beltza Nafarroako errepideetan: hiru pertsona hil dira Itzan eta Berriobeitin izandako istripu banatan

Bi pertsona Berriobeitiko Añezkar kontzejuan goizean goiz izandako ezbehar batean zendu dira. Beste biktimak Itzan (Iruñetik gertu) galdu du bizia: haren autoa bidetik irten eta erre egin da.

Itzan istripua izan duen autoa
Itzan istripua izan duen autoa
Itzan istripua izan duen autoa

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guztira, hiru pertsona hil dira gaur Nafarroan izandako istripuetan. Goizean goiz, bi pertsona zendu dira Añezkarren (Berriobeiti, Nafarroa). Handik ordubetera gertatu da bigarren istripua, kasu honetan, Itzan; pertsona batek bizia galdu du han.

Berriobeitin izan den istripua. Argazkia: Nafarroako Suhiltzaileak

Berriobeitin izan den istripua. Argazkia: Nafarroako Suhiltzaileak

Berriobeitiko ezbeharra 06:30ean jazo da N-240-A errepideko (Gasteiz-Iruñea) 9,4 kilometroan. Ezbeharraren unean, behe laino itxia zegoen eremuan. Dena dela, ez dakite horrek egin ote duen istripua, eta Guardia Zibilak ikerketa abiatu du. Irurtzun aldera zihoazen bi autok aurrez aurre talka egin dute, eta horietako bat kontrako noranzko erreian sartu da; kamioi baten kontra jo du. Bi autoetako gidariak hil dira, 53 eta 57 urteko bi iruindar.

Armatutako institutuak ez du argitu zendutakoak zein ibilgailutan zihoazen, ezta auto berean zeuden ere. Errepidea guztiz itxita egon da tarte batez, baina ireki dute berriro.

Ordubete geroago,  07:25ean, jazo da Itzako istripua. NA-7010 errepidetik, Irurtzun eta Astriain lotzen dituen bidetik, zihoan auto bat bidetik irten eta erre egin da. 28 urteko gidaria bertan hil da.

Iaz 23 pertsona hil ziren Nafarroako errepideetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Trafiko istripuen biktimak